linea berria

Bizkaibusek Barakaldo eta Arena hondartza lotuko ditu

A3339 Gurutzeta-Barakaldo-Arena linea, ekainaren 9tik irailaren 2ra arte egongo da martxan

Datorren 9tik aurrera, Bizkaibusek linea berria inauguratuko du - A3339 Gurutzeta-Barakaldo-Arena, Barakaldoko udalerria eta Arena hondartza autobidearen bidez zuzenean lotzeko xedearekin. Irailaren 2ra arte martxan egongo den zerbitzu horrek izaera esperimentala izango du.

DEIA - Lunes, 4 de Junio de 2018 - Actualizado a las 10:48h.

BILBO. Bizkaibusen linea berriak egunero egingo ditu irteerak, ordu erdiro, asteko egun guztietan;hots, astelehenetik igandera. Barakaldotik, 10:10etik 20:10era arte, eta Arenatik (Muskiz), 10:55etik 21:25era arte.

Ibilbideak lau geldialdi izango ditu. Lehenengo bi geldialdiak Barakaldon egingo ditu;Horacio Etxebarrieta kalean (Gurutzetako Ospitaletik metro gutxira) eta Landetan (Goikoa). Hortik aurrera, Bizkaiko hondartzetara arte, ibilbide guztia A-8 autobidetik egingo du. Beste bi geldialdiak Zierbenan eta Muskizen egingo ditu. "Helburua herritarrentzako erakargarria den garraio publikoa lortzea besterik ez da, zerbitzuaren sarbide-denborak eta kalitatea nabarmen hobetuz", azpimarratu du Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko diputatu Vicente Reyesek.

Linea berriak, hala ere, izaera esperimentala izango du. Probaldia amaitzean, eta emaitzak ikusitakoan, datorren urtean zerbitzua eskaintzen jarraitzeak merezi duen ala ez erabakiko da.

SESTAO, SANTURTZI ETA PORTUGALETE

Linea hori martxan jartzeak hainbat aldaketa eragin ditu A3335 Muskiz-Zierbena-Sestao linean, izan ere, data beretik aurrera, linea horrek Muskizko Pobeña auzora arte luzatuko du bere ibilbidea, ordu erdiko maiztasunarekin. Aldaketa horrek mesede egingo die Sestao, Santurtzi eta Portugaleteko bizilagunei;horrela, hondartzara iristeko beste sarbide bat izango baitute.

Hobekuntza horiek Bizkaibusek uda osoan zehar hondartzetara iristeko dagoeneko eskaintzen dituen zerbitzuen osagarri izango dira. Aurten, beraz, zerbitzu berri bat jarriko da martxan berriro ere ekainaren 9an. Zerbitzu horrek barne hartzen dituen Bizkaiko hondartzen artean Azkorri, Plentzia, Gorliz, Bakio, Laida eta Lagako hondartzak daude.