Talaieroa

Berandu iritsi gara!

Erramun Osa

Erramun Osa - Martes, 5 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

HALAXE baieztatu du Alemaniako presidenteak naziek homosexualei eragindako krimenengatik barkamena eskatu dienean. Izan ere, Alemanian, 1933-1945 aldian, 7.000 gai eta lesbiana hil ziren kontzentrazio eremuetan eta beste 54.000 pertsona jazarriak izan ziren beren sexu orientazioagatik... ez hori bakarrik, jazarpenak hamarkadak iraun baitzituen, XIX. mendean Zigor Kodean jaso eta naziek gogorturiko 175. artikulua 1994. urtea arte egon baitzen indarrean. Ulergarriak dira, beraz, presidentearen hi-tzak dioenean: “Berandu iritsi direla” eta “gertatutako guztiagatik, eragindako minagatik eta bidegabekeriagatik eta, denbora luzean iraun zuen isiltasunagatik, barkamena eskatzen duela”.

Norbaitek aspaldiko kontuak direla aditzera emango du, bai eta gehitu gaurko belaunaldiek ez dutela gure aurrekoek eragindakoengatik erantzun behar. Nik, ordea, uste dut injustiziagatik seinalatuak eta markatuak izan ziren erkideek eta haien ondorengoek justiziarako, erreparaziorako, bai eta oroimenerako eskubidea dutela. Igarotako denbora ezin balia baitaiteke iraganean gertatutakoen estalgarri, batzuek bila-tzen duten bezala.

Oroimena da galdu dezakegun azkena. Oroimenean bizi baitira bidegabeko tratua jasan zutenak, desberdin pentsatzen zutelako, gizarteak arbuiatzen zituen gutxiengoetako kide zirelako, herritarrek gaitzesten zituzten harremanak zituztelako... bidegabe sutara jaurti zirenak, batzuen laguntzarekin, askoren isiltasuna tarteko dela.

Harrigarri gertatzen da Alemanian urrats berri bat ikustea, naziak oraindik jazartzen, epaitzen eta zigortzen direla ikustea. Espainian ez baitago halakorik egiteko inolako borondaterik. Hilerrietako hormen ondoan, bide ertzetan, mendi magaletan segitzen dute milaka eta milaka gorpu haien familiei eskuratu ez zaizkienak;segitzen dute berrikusi eta baliogabe utzi gabe epaitegi frankistek ezarririko zigorrak;segitzen dugu frankisten krimenak ikertu eta epaitu gabe, 1977ko Amnistiaren Legea baliatu baitzuten diktaduraren krimenak zigorrik gabe uzteko.

Bai, inoiz ez da berandu iraganean eragindakoak argitzeko, masakratuak izan zirenei duintasuna itzultzeko, bidegabe tratatuak izan zirela aitortzeko. Beharbada, joan direnentzat beranduegi izango da, baina oinordekoentzat, edozein arrazoi dela tarteko bazterkeriak jasaten dituztenentzat, geratzen direnentzat, datozen belaunaldientzat garrantzitsua da. Inoiz berriro gerta ez dadin. Iragana ezagutzen ez duenak, zenbait gertaera arbuiatzeko gaitasuna erakusten ez duenak hanka sartze berberak egiteko arriskua barruratzen duelako, gaur zein etorkizunean! Pedagogia kontua da.

Secciones