18 milioi euroko inbertsioa

Urkulluk Osasun Ikerketa Institutu berria aurkeztu du

Iñigo Urkullu lehendakariak Biocruces Bizkaia eraikin berria inauguratu du gaur goizean (EFE)

Lanak 2015eko urrian hasi ziren eta aurreikusitako epean bukatu dira

EP - Miércoles, 6 de Junio de 2018 - Actualizado a las 12:40h.

BILBO. Iñigo Urkullu lehendakariak Biocruces Bizkaia eraikin berria inauguratu du gaur goizean.  Osasun Ikerketa Institutu berria Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko barruan dago, eta 6.131 metro koadroko azalera eraikia dauka, soto, erdisoto, beheko solairu eta beste lau solairutan banatuta. Biocruces Bizkaia eraikitzeko 18 milioi euro inbertitu dira Europako funtsen eta Carlos III. Osasun Institutuaren laguntzarekin.

Urkullurekin batera, Jon Darpon Osasun sailburua eta Luis Castaño Biocruces Bizkaiako zuzendaria ere egon dira inaugurazioan, beste hainbat arduradun politiko eta teknologia, berrikuntza eta ikerketaren esparruetako hainbat arlotan jarduten duten eragileekin batera.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean (ZTBP) eta 2020rako Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategian definitutako estrategiekin lerrokatuta dago ekipamendu berria, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko eta Galdakaoko Ospitaleko ikerketa jarduerak bateratuko ditu.

"Eraikin moderno hau euskal ikerketa komunitateak duen ahalmen gero eta handiagoaren adierazlea da. Euskadiko osasun sistema publikoak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustuaren ikurra da", nabarmendu du Urkulluk.

Lanak 2015eko urrian hasi ziren eta aurreikusitako epean bukatu ziren, 2017ko amaieran. Geroztik, eraikin berria teknologia modernoenaz eta beharrezko baliabide guztiez hornitu da, 800 bat ikertzaileri beren ikerketa lana modu lehiakorrean egin ahal izateko beharrezko tresnak emateko.

BIOCRUCES BIZKAIA

Eraikin berriarekin Biocruces Bizkaia ere jaio da, orain arte Biocruces bakarrik baitzen. Bizkaiko ikertzaile guztiak eta hala nahi duten kide eta kolaboratzaile guztiak biltzeko asmoa duen osasuneko ikerketako institutua izango da.

Eraikin berriaz gain, Biocruces Bizkaiaren egiturak orain arte ikerketa jarduerak egiteko erabiltzen ziren beste bi espazio ditu, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean: Biocruces Bizkaia 2 eta 3. Ekipamendu horiek beste 700 eta 1.200 metro koadro, hurrenez hurren, ikerketa eta berrikuntzako jarduerarako.

"Biocruces Bizkaia ikerketa biomediko traslazionaleko motor bat da eta ikerketaren emaitzak pazienteen osasunaren mesederako erabiltzea du helburu. Pertsonei mesede egingo die, baina baita osasun sistema osoari ere", esan du Urkulluk.

Secciones