kostaldea

Bermeoko Xixili Gimnastika Taldeak 25. urteurrena ospatzen du

Hainbat ekimen antolatu ditu ekainean: erakusketa, omenaldia, bazkaria eta lore eskaintza, besteak beste

Jueves, 7 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Bermeo - Xixili Gimnastika Taldeak aurten 25 urte bete ditu eta urte horietan guztietan egin duen lan garran-tzitsuaren berri emateko eta urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditu ekainean, besteak beste, erakusketa, ikuskizun berezia, omenaldia, bazkaria eta lore eskaintza.

Horrela, ekainaren 8tik 17ra Xixili Gimnastika taldearen erakusketa egongo da Bermeoko Nestor Basterretxea Aretoan. Horretan, 25 urte hauetan taldeko gimnastak erabilitako maillotak ikusteko aukera egongo da eta urte hauetan modak eta materialak zelan aldatu diren ikusi ahal izango da.

Horrez gain, erakusketa argazkiekin osatuko da eta horietan taldetik pasa diren kirolariak eta entrenatzaileak ikusi ahal izango dira eta baita irabazitako kopak eta dominak ere. Ildo berean, bideo eta argazki proiekzioak izango dira erakusketan. Ordutegia honakoa izango da: astegunetan 19:00etatik 20:30era eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30era. Ekainaren 16an, zapatuan, Xixili Gimnastika taldeko gimnasta guztiek ikuskizun berezia eskainiko dute Bermeoko Araneko Kiroldegian 10:00etatik 13:00ak arte. Bertan Gernikan zein Bermeon entrenatzen duten kirolari guztiak, 200 inguru, batuko dira urtean zehar egindako lana erakusteko.

“Gimnasia erritmikoaren jaia izango da, adin eta maila guztietako gimnastekin, benetan ikusgarria eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu ikuskizun horrekin gozatzera”, adierazi dute antolatzaileek.

Gainera, ikuskizun berezi horretan Xixili taldea posible egin dutenei omenaldia egingo zaie, bereziki, aurten utzi gaituen Andres Uriondori, taldearen ardatza 25 urte hauetan. Andres Uriondok lan handia egin du Bermeon gimnasia erritmikoa presente egoteko eta hori bultzatzeko. Bera izan da, bere emazte Bego Usandizagarekin eta Macarena Millanekin batera, Bermeon Xixili Gimnasia Taldearen sortzailea eta, 25 urtetan, Bermeon eta eskualde guztian gimnasia erritmikoaren zaletasuna bultzatzeko gogor lan egin du. Horrela, urteurrena ospatzeko erakustaldi honetan merezitako omenaldia egingo zaio.

Ikuskizuna bukatu ondoren, ohitura denez, Xixili eskulturari lore eskaintza egingo zaio eta, ostean, bazkaria izango da. Bazkari horretara Xixili taldean urte guzti hauetan hala edo nola parte hartu duten guztiak gonbidatuta daude.

“25. urteurrena ospatzeko ekimen horien guztien helburua da herritarrei gure taldeak eta gure kirolariek egiten duten lana erakustea, guztiok gimnasia erritmikoarekin gozatu ahal izateko. Era berean, emakumeek kirolean duten presentzia ezagutzera emateko bidea ere izango da, gure kirolariek egiten duten lana balioan jarriz”, nabarmendu dute. - DEIA