Gimnasia erritmikoa

Ondo egindako lanaren poztasuna

RÍTMICA GETXO KLUBAK BERETXAPELKETAREN 5. EDIZIOA OSPATUZUEN FADURAKO KIROLDEGIAN.EKITALDIAK BESTE URTE BATEZDEIAREN BABESA IZAN ZUEN

Miriam Rodríguezen erreportajea - Jueves, 7 de Junio de 2018 - Actualizado a las 12:07h.

GIMNASIA erritmikoak momentu handia bizi izan zuen aurreko igandean. Lehiaketa ofizialak bukatuta, orain txapelketen txanda da. Kirol askok ekaina baliatzen dute ekitaldiak egiteko eta beste klubak gonbidatzeko. Batzuk erakustaldiak dira eta beste batzuk, txapelketak, baina giro aparta bietan dago beti. Itsu-itsuan erabaki eta bere txapelketa propioa antolatu duen klubetako bat Rítmica Getxo izan da.

Getxoko klubak ekitaldiaren bosgarren edizioa ospatu du, eta DEIAren babesa izan du. Duela bost urte proiektu hori martxan jartzea erabaki zenetik denbora asko igaro da. “Getxo Kirolak gurekin kontaktuan jarri zen, eta txapelketa antolatzea proposatu zigun. Diru-laguntza eskaintzen zigun, beraz, aurrera egin genuen eta gaur arte antolatu izan dugu. Antolatzea hilabeteetako lana da, baina esfortzuak merezi du, gimnastak gozatzen ikusten ditugulako”, adierazi dute klubetik. Bosgarren edizio honetarako, Getxok 200 gimnasta jaso ditu, gehienak Bizkaikoak eta Euskadiko beste klub batzuetakoak. “Normalean Euskaditik bakarrik etortzen dira, baina Estatuko beste klubei ere gonbita egiten diegu, gu esaterako Xixonen egon garelako. Arazoa datak dira. Denboraldia ia bukatuta dago, eta gainera klub batzuk Europako txapelketa ari dira prestatzen, egun hauetan jokatuko baita Guadalajaran”, esan dute.

Hitzordua igandean goizeko 10etan abiatu zen taldeen desfilearekin, eta ondoren txapelketa hasi zen. Hainbat kategoriatako gimnastek hartu zuten parte, eta ariketak banaka nahiz taldeka egin zituzten. Gainera, erabilitako tresnen artean pilotak, sokak eta uztaiak nabarmendu ziren. Ariketa bakoitzak minutu bat eta hogeita hamar segundo iraun zuen banakakoentzat, eta bi minutu eta hogeita hamar segundo taldekoentzat.

Ekitaldia pixkanaka animatu zen abesti biziei esker eta denbora osoan gimnasten jardun ederrei esker. Azpimarratzekoa da sokaren ariketa bati baino gehiagori trabatu zitzaiola. Izan ere, soka tresnarik zailenetako bat da, zinta bezala asko korapilatzen delako. Hala ere, gimnastek gero eta hobeto menderatzen dutela erakutsi zuten. Pilota eta uztaien ariketetan, aldiz, parte-hartzaileek hobeto menderatzen dutela nabaritu zen.

Beti bezala, urduritasuna agertu eta pilotaren bat erori egin zen baina, dakigunez, huts-egiteak ez dira hasiberrien kontua bakarrik. Gimnastek badakite zer egin behar duten. Eroritako pilota edo tapizetik kanpoko bat hartu eta berriro ere ariketan sartu, ezer gertatu izan ez balitz bezala. “Gure gimnastak oso urduri eta gogotsu zeuden. Gogo handia zuten eguna iristeko, gainera etxean zeudelako”, azaldu dute klub getxotarretik. Hain zuzen ere, haiek 55 parte-hartzaile aurkeztu zituzten.

Parte-hartzea bukatuta, partehartzaile bakoitzak poltsa bat jaso zuen eta irabazleentzat garaikurrak entregatu ziren. Ikusleek gimnasta guztiak animatu zituzten, eta txaloka aritu ziren talde guztiek ariketetan. Izan ere, gimnasia erritmikoa izugarri handitu diren kiroletako bat da, batez ere eskolarteko kategorietan. Klub berriak sortu dira, eta ikastetxeetan ere ematen da. Rítmica Getxoren kasuan, oso ondo baloratzen da bere gimnasten parte-hartzea, bai txapelketetan bai erakustaldietan. “Guretzat, garrantzitsuena neskek ondo pasatzea da.

Ez diegu emaitzei lehentasunik ematen. Aurten, adibidez, Bizkaiko finaletan laugarren geratu gara, eta poz-pozik gaude, batez ere esfortzua baloratzen dugulako. Gure ustez, denboraldi hau ona izan da, helburu guztiak bete dira, eta horixe da garrantzitsuena”.

Azkenik, klub getxotarrak sare sozialen bitartez eskerrak eman dizkie babesleei, besteak beste DEIAri, txapelketa ahalbidetu dutelako. “Mila esker gure babesleei Getxoko Gimnasia Erritmikoko V Txapelketari horrenbesteko indarra emateagatik! Eskerrik asko”.