euskalduna jauregian

Clara Mouriz mezzosopranoak itziko du Bilbao Orkesta Sinfonikoaren denboraldia

Alice Coote emanaldiak bertan behera utzi behar izan baititu

deia.eus - Jueves, 7 de Junio de 2018 - Actualizado a las 11:12h.

BILBAO. Clara Mouriz ariko da Bilbao Orkesta Sinfonikoarekin denboraldiko azken bi kontzertuetan, Alice Coote ondoezik dagoelako eta emanaldiak bertan behera utzi behar izan dituelako. Saioak ostegunean eta ostiralean izango dira Bilboko Euskalduna jauregian eta Maurice Raveli omenaldia egiteko balioko dute.

BOSek jakinarazi duenez, Clara Mouriz mezzosoprano donostiarra Londresen bizi da gaur egun, eta ikus-entzule bilbotarrek dagoeneko ezagutzen dute, Beethovenen 9. sinfoniaren interpretazio batean parte hartu baitzuen, denboraldi sinfonikoaren barruan.

Wigmore Hall eta Independent Opera sariak eta Londreseko Associate of the Royal Academy erakundearen ohorezko titulua ditu Mourizek. Europako orkestra nagusiekin aritu da, besteak beste, BBC Philharmonic (Proms),Scottish Symphony Orchestra, Royal Scottish, Hong Kong Philharmonic, Swedish Radio Symphony Orchestra eta English Chamber Orchestra-rekin.

Okzitaniako Tolosako Théâtre du Capitole antzokian egin zuen debuta, eta Carnicer-en "Elena e Malvina" grabatu du, Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalekin batera. Besteak beste, Daniel Harding, Andrew Gourlay, Alexander Shelley, Juanjo Mena, Alberto Zedda, Pablo González eta Antoni Ros-Marbà zuzendarien gidaritzapean lan egin du.

Mezzosoprano donostiarra "The Basque-French Connection Ravel 80 urte" egitarauan ariko da BOSekin batera. Erik Nielsen-en zuzendaritzapean, Ravel-en "Shéhérazade, Ouverture de féerie", "Shéhérazade", "Daphnis et Chloé, 2. suitea" eta "Bolero" entzun ahal izango dira, besteak beste.