Zirrikituetatik begira

Gure eskuan

Josu Torre - Jueves, 7 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

ESKUTIK eskura energia emanen diogu elkarri. Ehun milatik gora esku pare, Donostian izerdia sortzen dutenen beroa Gasteizen sentituko dutelarik;eta alderan-tziz. Tartean Bilbao ez ezik hainbeste bide eta herrietatik esperantza, ilusioa, ametsa, geroaren dizdira edo zorionaren itxaropena. Euskal Herri ez ezik mundu berri bat eraikitzeko kemena ematen dugulako norbanako bakoitzaren kemenak, bakoitzak nahi duen ildotik bideratzean bat egiten dugunean. Ehun milatik gora gizaseme, 209 km. luze eta enparauak kolorez, musikaz, kantaz, dantzaz, zorion eta alaitasunez blai ipiniko ditugunak igande goiz eguerdi horretan. Zenbakiak ba dute garrantzirik, indar erakusketaren ispilu direlako eta indarra ezinbestekoa delako edozein helburu lortze bidean. Kasu honetan, gainera, helburuak xumea ematen du. Ez da kasik besterik, gure iritzia kontuan eduki-tzea etorkizuna eraikitzeko orduan. Guk bizi nahi eta behar duguna gure esku ipintzea, geuk aukeratzea, hain zuzen. Asmatzen dugunean, zoriona eta horrela ez balitz gerok zuzenduko dugu. Lehen urratsak duela bost urte eman, gero Durangotik Iruñerako katearen arrakasta, tartean egin diren bilera, lan eta antolakuntza guztiak denominadore edo izen komuna daramate Gure Esku Dago. Alegia, asmoa edo ametsa egi bihurtu edo egunera ekarriz. Bejondeigula! Asmo eta ametsean uzten ditudanean ez da, hain zuzen, horrela nahi dudalako, lerro hauek betetzen nagoen unean, Altsasuko lau gazte Madrilen direlako atxilo hiru epaile ankerren erabakiaren zain. Hori latza egiten zaidan arren, latzagoa, ankerrago eta basatiagoa egunotan guardia zibilak, bai paisanoz bai uniformez Altsasun eman duten ikuskizun nazkagarria. Ez gaude gerran mutilak. Areago, epaileek ere terrorismo kargua kendu zioten auziari eta orain nik emango diot kargu hori baina Madriletik etorritako kuadrilla, manada edo samalda horri. Horiek bai sortzen dute terrorea holako herri umil bat asaltatzen dutenean. GEDko egun eder horri eskaini nahi nion zutabe osoa, baina Altsasuko gazteak gure eskuan nahi ditugu.