“Hiriaren Astea”

Doako sarrerak Bilboko udaletxean, hiriaren 718. urteurrena dela -eta

Bilboko 718. urteurrena datorren astean ospatuko da

Goizez egiten diren ohiko bisita gidatuez gain, 14 bisita gidatu berezi egingo dira arratsaldez

deia.eus - Viernes, 8 de Junio de 2018 - Actualizado a las 10:15h.

BILBO. Bilboko Udalak hasiera emango dio “Hiriaren Astea” ospatzeko ekitaldi-sortari, Udaletxeko eraikin nagusira antolatutako bisita gidatuen ziklo berezi batez. Aurtengo berritasun nagusietakoa Bilbao 700 Fundazioak antolatu ohi duen Gau Zuria ondoz ondoko bi egunetan antolatzeko erabakia izan da, hiriko eraikin eta txoko bereizgarrienetan gauzatutako multimedia proposamenaren bitartez Bilboko unibertsora inguratzeko aukera ezin hobea eskaintzeko asmoz.

Iaz, 400 pertsona inguruk parte hartu zuten Hiriaren urteurreneko ospakizunen barruan antolatutako bisita gidatuen ziklo berezian, eta arrakasta horren harira, datorren martitzenean, ekimen honen edizio berri bat abiaraziko da, Joaquín Rucobak diseinatu eta 2017an 125 urte bete zituen Udaletxearen aberastasun artistiko eta arkitektonikoa bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

Guztira, doako 14 bisita egingo dira, ekainaren 12, 13, 14, 18, 19, 20 eta 21ean, arratsaldez (17:30etan eta 19:00etan), euskaraz eta gaztelaniaz. Bisitaldi horiek goizez Udaletxera egiten diren ohiko bisiten osagarri izango dira.

Hiria sortu zeneko 718. urteurreneko bisitaldi berezi hauen berezitasuna da Udaletxeko ate nagusian hasiko direla eta hortaz, Udaletxe barruko gela garrantzitsuenetarako ibilbidea handik abiatuko dela. Txanda bakoitzean, gehienez ere, 30 pertsona onartuko dira.

Doako bisitaldi hauetan parte hartzeko izena posta elektronikoz (reservasjunio18@gmail.com) edo telefonoz (684336536) eman daiteke. Izena emateko epea eguenean amaituko da, hilak 21, eta 09:30etatik 14:00etara bitartean egin daiteke.

Ildo horretan, gogoan izan behar da “Hirian Astean” ere egingo diren Udaletxera ezagutzeko ohiko bisitaldietan parte hartzeko, udalaren webguneko “Ezagutu Udaletxea” ataleko formularioa erabil daitekeela.

Era berean, “Ezagutu Udaletxea” atal honetan bildutako elementu nabigagarriek Udaletxearen aberastasuna artistiko eta arkitektonikoa ezagutzeko aukera ematen dute. Horien artekoa dugu ikustaldi birtuala, Google-ren Street View teknologiaz garatutakoa. Atala osatzeko, “Bilboko Udaletxea” argitalpen turistikoaren bertsio eguneratu sartu da, Bilboko Udalaren irudi historikoekin eta Bilbopedia Bilbori buruzko sareko entziklopediarako sarbidearekin batera.

HIRIAREN ASTEKO EKITALDI INSTITUZIONALAK

Eguena, hilak 14: Bizkaiko Gozogileen Alkartasunari harrera. Aurten ere hiriaren urteurrena gogoratzeko egin duten Bilbao Tarta aurkeztuko dute.

Barikua, hilak 15: Bilboko bandera igoko da jendaurrean, Juan Mari Aburto alkatea, udalkideekin batera, buru dela.

Barikua eta zapatua, hilak 15 eta 16: Gau Zuria ekimen parte-hartzaile eta interaktiboaren aurtengo edizioa lehendabiziko aldiz ondoz ondoko bi gauetan egingo da.

Domeka, hilak 17: lore-eskaintza herritarra hiriaren sortzaileari. Udal korporazioko kideak Plaza Biribilera joango dira, dantzariekin, txistulariekin eta Bilboko Ospetsuekin eta Bilboko gizarteko, kulturako eta ekonomiako ordezkariekin batera.

Secciones