ekainaren 15, 16 eta 17an

Celtas Cortos musika taldea Bermeon izango den Magurios Motorren kontzentrazioan egongo da

Celtas Cortos, Magurios Motorren kontzentrazioan Bermeon. (Mikel)

Izaro Bikers talde antolatzaileak 10 urte betetzen ditu aurten eta hori ospatzeko 9. Maguriosen programa berezia antolatu du

Izaro Bikers Bermeo taldeak aurten hamar urte betetzen ditu eta urteurren hori ospatzeko 9. Magurios Motorren Kontzentrazioak programa berezi eta erakargarria izango du, besteak beste, Celtas Cortos taldearen eta DJ Oihan Vegaren kontzertuekin eta Emilio Zamoraren, gaur eguneko Stuntman (zinemako espezialista) hoberenaren, ikuskizunarekin. Hiru ekitaldi horietara sarrera irekia eta dohainik izango da

DEIA - Sábado, 9 de Junio de 2018 - Actualizado a las 17:55h.

BILBO. Ekainaren 15, 16 eta 17ko asteburuan izango da Magurios, Motorren Kontzentrazioa, Pergolan, eta horren aurkezpena egin dute gaur Jon Aranak, Izaro Bikers Bermeo taldeko presidenteak, eta Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak.

Bertan, Izaro Bikerseko presidenteak 10. Urteurrenean dituzten helburuei buruz hitz egin du eta, ildo horretan, adierazi duenez, euren xedea da “Magurios Bizkaiko kontzentrazio garrantzitsuenetariko bat bezala finkatzea”.

Horrez gain, bere esanetan, “gure ilusioa da leku askotako motorzaleak erakartzea, kontuan hartuta aurreko edizioetan ere Balentzia, Asturias, Extremadura edota Alacanteko motorzaleak etorri direla, nahiz eta kanpoko motorzaleen kopurua ez den esanguratsua izan”, gaineratu du.

Era berean, Aranak azpimarratu duenez, Izaro Bikers taldeari “asko pozten dio Celtas Cortos bezalako talde baten kontzertua, DJ Oihan Vegaren saioa eta Emilio Zamora stuntman hoberenaren ikuskizuna eskaintzea eta, gainera, dohainik”. “Azken finean, gure helburua da ekainaren 15, 16 eta 17ko asteburuan motor mundua Bermeon integratzea”, azpimarratu du Aranak.

Programa zabala

Aranak Maguriosek programa zabala, indartsua eta erakargarria izango duela nabarmendu du. Magurios Motorren kontzentrazioa ekainaren 15ean, barikuan, hasiko da, 20:00etan txosnaren irekiarekin. Ongi etorria emateko bertaratutakoek berakatz-sopa gozoa hartzeko aukera izango dute.

Ekainaren 16an, zapatuan, goizeko 10:00etan izena ematea zabalduko da eta, 11:30etik 13:30era, Urdaibai eskualdetik motorrekin ibilbidea egingo dute motorzaleek, “gure paisaia izugarriak toki guztietako motorzaleei ezagutarazteko asmoarekin”.

18:30ean Emilio Zamora stuntman famatuaren erakusketa ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Emilio Zamora Ducatiko stunt talde ofizialaren kidea da 2005etik, “gure ustez, gaur egunean dagoen stuntmanik hoberena eta errekor guinness bi duen bakarra”.

Indarrak berritzeko gaueko 21:00etan afaria izango da eta, 22:30ean, falta diren motorzaleak omentzeko ekitaldi hunkigarria. Ondoren, musikaren txanda izango da Celtas Cortos folk rock talde famatuaren kontzertuarekin. Celtas Cortos bira handi bat egiten ari da eta bira horren eszenatokietariko bat Bermeo izango da. Kontzertuan bere azken gaiak aurkeztuko ditu eta, horrez gain, 2018ko irailean argitaratuko duten ‘Energia positiva’ disko berriaren abesti batzuk aurkeztuko dituzte.

Jaiak aurrera jarraituko du, DJ Oihan Vega irrati eta telebistako esatari famatuaren soinuekin. “Beraz, giro ederra eta musikarekin gozatzeko aukera paregabea izango dugu kontzertu horietan zapatuan Bermeon”, adierazi dute Astuik eta Aranak.

Ekainaren 17an, domekan, 10:00etan izena emateko aukera zabalduko da. 11:00etatik 12:30era motorrekin ibilbidea egingo da eta 13:00etan, berriro ere, Emilio Zamora stuntman famatuaren erakusketarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutako guztiek. 14:30ean bazkaria eta oparien zozketak egingo dira jaiari bukaera emanez.

Izena emateko aukera asteburu osoan egongo da: asteburu osoa 20 euro izango da, egun bakarra 12 euro eta 200 kilometro baino urrunagotik datozen gidariek prezio berezia izango dute, 10 euro, hain zuzen ere. Prezioaren barne honakoak sartzen dira: ekainaren 15eko ongi etorriko berakatz-sopa, ekainaren 16ko bazkari eta afaria, ekainaren 17ko bazkaria, kanpaldi gunea, dutxa zerbitzua, zozketak eta motoentzako zaindutako aparkalekua.

Beraz, Astuik eta Aranak adierazi dutenez, “ekainaren 15ean, 16an eta 17an Bermeon motorren munduarekin, kontzertuekin, eta giro izugarriaren gozatzeko aukera paregabea izango dugu eta mundu guztia egun horietan Maguriosera etortzera gonbidatzen dugu”. “Itsas munduak, motor munduak eta bisitatzera etorri nahi duten guztiek asteburu honetan Bermeon elkarbizitzea nahi dugu”, gaineratu dute.

Izaro Bikers taldea

Bermeoko Izaro Bikers taldea 2008an sortu zen eta hamar urte hauetan kideak gehitu ditu, gaur egun 168 bazkidek osatzen baitute elkartea. Bere helburua da motorrean ibiltzeko zaletasuna bultzatzea eta, ahal duten heinean, Bermeoko Udalari zein elkarteei laguntzea. Horrela, hamar urte hauetan honako ekintzetan lagundu dute: Herri lasterketa, Demikuko martxa, Bizikleta eguna, Triathloia, Arrain Azoka, Txirrindu lasterketa, jostailuen eta elikagaien bilketa…

Aranak azaldu duenez, Izaro Bikersen helburu bat da motorraren mundua Bermeon integratzea, errealak ez diren estereotipoak ezabatuz. “Horrela, azken bederatzi urteetan Magurios Motorren kontzentrazioa antolatzen dugu Bermeoko Udalaren eta Campos eta Isabel kontserba enpresen laguntzarekin, besteak beste. Data hurbiltzen denean herriko pertsona nagusiek beti galdetzen digute: noiz datoz motorzaleak?”, adierazi du.

Secciones