ezkerraldea

Gurutzeta eta Arteagabeitiako eskolek astelehenean estreinatuko dituzte beren aterpeak

Bukatu dira dagoeneko lanak, eta asteburuan erretiratuko dituzte egitura bietako hesiak

Bukatu dira dagoeneko Gurutzeta eta Arteagabeitiako eskoletako aterpeak egiteko lanak. Atzo berretsi zuen Hirigintza, Azpiegitura eta Udal Zerbitzu Arloak estalkia ordezteko lanak bukatuta daudela;asteburu honetan kenduko dituzte hesiak, eta datorren astelehenean izango dira erabiltzeko moduan.

DEIA - Sábado, 9 de Junio de 2018 - Actualizado a las 17:49h.

BARAKALDO. Ikastetxe bietako familiei agindutako konpromisoa bete du horrela Amaia del Camporen gobernu taldeak, urte luzez aritu baitira eskari bera egiten.

Irailean hasi zituzten lanak, baina duela hilabete batzuk, estalkia egiterakoan, baldintza-orrietara jasotakoarena baina kalitate eskasagoko materiala zerabiltela konturatu ziren ikuskatzaileak. Enpresak hutsegitea onartu eta hitzartutako materiala jartzen aritu da azken hilotan.

Lanak bukatuta daudenez, astelehenean bertan gozatu ahal izango dute Gurutzeta eta Arteagabeitiako ikasleek egitura berria. "Barkamena eskatu nahi diegu familiei, hilotan jasan behar izan dituzten eragozpenengatik. Lanak bukatuta daude, eta orain, haietaz gozatzea tokatzen da: familiek aspaldian egina zuten eskaria gaur errealitate bihurtu da" esan du Hirigintza, Azpiegitura eta Udal Zerbitzu Arloko zinegotzi Jon Andoni Uriak.

634.000 EURO INBERTITU DIRA ATERPEAK KONPONTZEN

634.000 eurotik gora inbertitu ditu Udalak egiturak berregiten. Patio bakoitzean, 1.012 metro koadroko azalera estali da, eta oztoporik gabeko 42x23 metro koadroko espazio garbia geratu da. Kasu bietan, zeharkako zortzi arkupeen bidez altxatu da estaldura.

Aterpe berriek areto-futboleko pista - 40x20 metrokoa - izango dute eta 22x11 metroko mini basketeko bi pista jarriko dira zeharka. Saskiak estalduraren zutabeetan ainguratuko dira. Egiturek argiztapen propioa dute led motako 32 luminarien bidez, bai eta bandalismoaren aurkako babesa ere, kolperik jasotzen badute, apur ez daitezen. Bide batez, saneamendu sarea berritu dute.

Gurutzetako ikastetxe publikoaren obra 220.654,05 eurokoa izan da;Arteagabeitiakoa, berriz, 313.967,76 eurokoa.