Zirrikituetatik begira

Aldea

Juanjo Olasagarre - Sábado, 9 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

EGUN bakarrean irabazten du zure nagusiak zuk urtebetean irabazten duzuna? Etsita? Nahigabetua? Orain jakiten ari dira amerikarrak nola partekatzen den (ala ez) paga”. AEBetan lehengo aldiz argitaratu dute 2010 urtean onarturiko finantza-erreformak agintzen zuena, langile ertaina eta managerren soldaten arteko aldeen berri ematea. Eta datuak beldurtzekoak dira.

225 enpresa aztertu dituzte, eta horietako 188tan 45 egun, gutxienez, behar ditu langile ertainak goi managerrak egun bakarrean irabazten duena irabazteko.

Bataz bestez, 1eko 993ko aldekoa da tartea, alegia, langile ertaina baino 993 aldiz gehiago irabazten dute enpresa horietan buruek, baina, berez, badira 5000 tartea dutenak. Alderik handiena kontsumo enpresetan dago, janari azkar eta arropa industrietan, 997koa.

Txostena argitaratzeaz arduratu den Ellison senatari demokratak braust batean eraitsi ditu enpresa buru horien argudio naifak. Nazio pobreetan dituzten managerren soldatek eragindako alde handiagoek bataz bestekoa igotzen duela argudiatu dutenei, txikikeriatan ez ibiltzeko erantzun die. Buru izatera ailegatu direnak beren merituengatik ailegatu direla diotenei, hori ikusi egin beharko litzatekeela erantzun die.

Txostenak irtenbideak ere proposatzen ditu: Oregon hiriak esaterako 1:100 aldea duten enpresei %10 igo dizkie zergak. Edo Rhode Islanden erabaki dute alde handia duten enpresarik ez kontratatzea funtzio publikorako, edo enpresa buruei zergak igotzea. Ellisonek, hala ere, enpresa sariak legez debekatzea proposatu du irtenbide hori onartzea oso gaitza dela jakinik.

Hemen 1:93 eta 1:83 artean dago aldea, hartara, Errumania, Errusia eta Ukrainiaren ondoren dator Espainiako Erresuma. Aitzitik, Norvegia, Suitza, Islandia, Irlanda eta Danimarka dira soldata oreka handien daukatenak.

Krisia aitzakia harturik areago pilatu da aberastasuna gutxiagoen artean, eta, ondorioz, eliteek eliteagotzat dituzte haien buruak. Edozer egiteko eskubidea bermaturik balute bezala portatzen dira. Demokrazia dirudi baina kapitalismoa da. Mozorrorik ere behar gabe.

Secciones