Zirrikituetatik begira

Pura vida

Juanra Madariaga - Domingo, 10 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

PURA vida pelikula bateko titulua da, eta baliteke pertsona askoren idearioa ere izatea. Bizitza ahalik eta modurik koherenteenean bizitzeko aldarrikapena dakar barruan perpaus txiki horrek. Modurik aratzenean aritzeko kemena dakar. Bizitzari berari begiratzeko era eta jarrera zehatza inplikaturik dakar. Esentziala dena antzeman, eta munta eskaseko soberakin estresagarri eta grotesko oro baztertu.

Pura vida Iñaki Otxoa de Olza mendizaleak zioen esaldia da;han, mendian benetako bizitza topatu izan balu bezala. Aste honetan, Iñakiren herio-tzaren hamargarren urteurrenaren harira, Pura vida filma pantailaratu da hainbat hiritan, eta irudiak ikustean korapiloa jarri zaigu eztarrian ostera ere. Duela hamar urte Annapurnaren tontorrera iristeko azken txanpan murgilduta zeudela, ondoezik jarri zen eta buelta hartu behar izan zuen Horia Colibasanu mendizale errumaniarrarekin batera. Berriz, laugarren kanpamentura heldu zirenean, Iñakiren egoera gaiztotu egin zen nabarmenki. Kalbarioa une hartantxe hasi zen. Egoera lazgarri hartatik urrun baina, erreskaterako talde bat osatu zuten bere lagun ba-tzuek. Eta filmean Iñakiren heriotzaz haratago, lagun talde haren indar nekaezina da ardatz nagusia. Nola herri askotako mendizale batzuk lagun bat salbatzeko eginahaletan murgildu ziren, kosta lain kosta. Ez zuen garrantzirik zenbat metro zeuzkaten aurretik, zenbat sufrikario pairatu beharko zuten, zein lanjer hartuko zuten. Berebizikoena lagun hura handik jaitsaraztea zen.

Horia Colibasanu mendizale lasaiak bi egun eman zituen Iñakiren ondoan, Ueli Steck makina suitzarra hara gora heldu zen arte. Denis Urubko kazakhstandarrak eta Don Bowie kanadarrak ere malda ikezuetan gora aritu ziren Iñakirentzat oxigenoa motxilan zeramatela. Alexei Bolotovek ere gorako bidea hartu zuen Iñaki guztion artean altura epelagoetara ekartzeko xedez.

Ekitaldia ustela izan zen, eta prebisiblea zena gertatu zen. Iñakiren gorputzak ezin izan zuen alturako gaixotasunaren erasoa jasan, eta zendu zen. Mendizale haiek bikainki erakutsi ziguten zer den pura vida.

Secciones