CEBITen

Aldundiak munduko teknologia-azoka nagusian posizionatuko du lurraldea

Ekitaldian 100.000 konpainia egongo dira ordezkatuta, eta 3.300 erakusketari izango dira

Foru erakundearen ordezkaritza batek, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxea buru duela, CEBITen hartuko du parte gaurtik aurrera.

DEIA - Lunes, 11 de Junio de 2018 - Actualizado a las 10:42h.

BILBO. Ekitaldi horretan 100.000 konpainia egongo dira ordezkatuta, eta 3.300 erakusketari izango dira. Urtero 200.000 lagun inguru erakartzen ditu azokak. Ordezkaritza horrekin batera bertaratuko dira ezagutzaren eta teknologia aplikatuaren industriaren sektoreko 10 enpresa, bai eta ESLE eta GAIA elkarteak ere. Ordezkaritzaren helburua izango da horiei laguntzea Europako merkatuan posizionatzen eta beren jarduera garatu ahal izateko merkataritza- eta erakunde-harremanak sortzen. Horrez gain, Hannoverreko alkatearekiko eta Saxonia Behereko Digitalizazioko estatuko idazkariarekiko lan-bilerak hartzen ditu barne bidaia horretako agenda instituzionalak.

Gaurtik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak CEBITen -munduko eraldaketa teknologikoko azoka nagusian- hartuko du parte, gure lurraldea inbertsiorako leku erakargarritzat posizionatzeko eta sektore horretan diharduten Bizkaiko enpresak bultzatzeko.

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxea izango da ordezkaritzaren buru, eta harekin batera parte hartuko dute ezagutzaren eta teknologia aplikatuaren industriaren sektoreko 10 enpresak, bai eta ESLE eta GAIA elkarteek ere. Ordezkaritza horrek, alde batetik, agenda instituzionala izango du, besteak beste, Hannoverreko alkatearekiko eta Saxonia Behereko Ekonomia, Lan, Garraio eta Digitalizazio Ministerioko Digitalizazioko estatuko idazkariarekiko lan-bilerak. Bestetik, merkataritza-agenda izango du, parte hartzen duten enpresei laguntzeko Europako merkatuan posizionatzen, beren jarduera garatu ahal izateko merkataritza- eta erakunde-harremanak sortzen eta gure mugetatik haratago lankidetza estrategikoko ildo berriak ezartzen.

Foru Aldundia Hannoverren egoteak aukera emango du Bizkaia lurralde aurreratutzat proiektatzeko kudeaketa-arloan nahiz informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruan, aldundiak downsizing delakoan eta teknologia irekietan izandako esperientziak erakutsiz, eta BiscayTIK eta Lantik foru erakunde publikoek burututako jardueraren berri emanez. Gainera, Bizkaian ezagutzaren eta teknologia aplikatuaren industriaren sektorean diharduten enpresen eta horiek ordezkatzen dituzten elkarteen (ESLE eta GAIA) lanaren eta gaitasunaren balioa nabarmenduko da.

Ordezkaritzak honela aurkeztuko du Bizkaia enpresen eta erakundeetako ordezkarien aurrean: mundu mailako eraldaketaren adibidetzat;industria- eta ekonomia-arloan aktiboa den, nazioarteko ekitaldi garrantzitsuak hartzen dituen eta nortasun propioa duen lurraldetzat eta inbertsiorako eta ekintzailetzarako aukerak ematen dituen lekutzat.

Standa eta hitzaldiak

CEBIT azokan izango den Bizkaiko ordezkaritzak 53 metro karratuko standa izango du, industria eta administrazio digitalen esparrura bideratutako pabiloietako batean. Stand hori aldundiaren eskutik azokan parte hartuko duten 10 enpresen basea izango da;han egin ahal izango dituzte bilerak hirugarrenekin, gehienez ere 20 lagunekin biltzeko lekua izango du-eta. Stand horretan, asteartetik ostegunera, ordezkaritza osatzen duten enpresen aurkezpenak daude programatuta;besteak beste, administrazio elektronikoari, osasunari, hezkuntzari, logistikari eta herritarren parte-hartzeari lotutako arloetan burututako proiektu eta irtenbide esanguratsuenen berri emango dute.

"CEBIT Digital Transformation Forum" delakoan, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak hitzaldi bat emango du. Teknologia estandarrei eta irekiei buruz mintzatuko da, eta politika publiko berritzaileek herritarren bizi-kalitatearen eta arazo publikoen kudeaketaren hobekuntzan duten eginkizunaz arituko da. Halaber, BiscayTIKeko zuzendari Alaitz Etxeandiak eta Lantikeko Teknologia eta Ezagutza Unitateko zuzendari Imanol Sautok foro horretan bertan aztertuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak garatutako informazio-sistemen eraldaketa, bai eta udalerriei zerbitzu emateko era berritzailearen aplikazioa ere -nazioartean aitortutako modernizazioaren gehikuntza ekarri du horrek-.

CEBIT

Azoka hori konputagailuen, informazioaren teknologien, telekomunikazioen, softwarearen eta zerbitzuen munduko azoka garrantzitsuentzat hartzen da, eta aurten egitura erabat aldatu da: azoka izateari utzi dio eta ekitaldi oso bilakatu da, "Europe Business Festival for Innovation and Digitization" delakoa, alegia. 3.300 erakusketari bilduko ditu 150.000 metro karratuko gunean. Han, 100.000 konpainiaren ordezkariak elkartuko dira, eta 2.000 aurkezpen, keynote eta eztabaida-panel antolatuko dira. Horrez gain, 200.000 bisitari eta 3.500 kazetari inguru bilduko dira CEBITen.

Ekitaldia antolatuko den gunea lau arlo nagusitan banatuko da: alde batetik, digitalizaziorako irtenbideen arloa Bizkaiko Foru Aldundiaren standean egongo da, eta negozio digitalei eta administrazioari eskainitako eremu bat izango du;beste arlo batek teknologia disruptiboak eta startupak barne hartzen dituzten negozio-eredu berriak izango ditu aztergai;hirugarren arloan, hitzaldiak eta workshopak egingo dira;eta azken arloak hiri-jaialdi formatua izango du, eta networkinga, erakusketak eta aurkezpenak egitea izango du helburu.