irailaren 22an eta 23an ospatuko da

Open House Bilbao nazioarteko jaialdia aurten, metropoli mailan

Open House Bilbaoren aurkezpena.

Bilbok eta Barakaldok mundu guztiko 30 hirirekin bat egin dute, urteko asteburu batean eraikin berezi batzuetako ateak irekita edukitzeko

Open House Bilbao irailaren 22an eta 23an izango da. Bigarren edizio hau metropoli mailan egingo da, Barakaldok ere proiektuarekin bat egin du-eta. Beraz, itsasadarrean zehar dagoen arkitektura eta hirigintza metropolitarrak ikusteko aukera izango da aurten. Aukeratutako asteburuko egun bietan Bilboko eta Barakaldoko 60 eraikinetik gora izango dira ateak irekita eduki eta herritarrei bisitak doan egiteko aukera eskainiko dietenak. Normalean eraikin horiek itxita egoten dira herritarrentzat edo nahiko ezezagunak dira.

DEIA - Lunes, 11 de Junio de 2018 - Actualizado a las 12:35h.

BILBO. Bilboko Udala jaialdiaren babeslea da bigarren edizio honetan;eta jaialdiak badu Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren eta Barakaldoko Udalaren eta beste erakunde eta elkarte batzuen laguntza.

Uriaren nortasunaren eta kulturaren funtsezko osagai gisa arkitektura esperimentatzea sustatzen du Open House Bilbao jaialdiak. Iaz, lehenengo edizioan, 35.000tik gora izan ziren bisitariak eta 350etik gora boluntarioak. Horiek horrela, ateak zabalik urian egiten den jaialdirik handiena da. Arkitekturaren eta Hirigintzaren inguruan egiten den parte-hartze handiko saioa da. Aurten datu horiek berdindu edo hobetu nahi dituzte antolatzaileek.

Iaz jaialdiaren gaia Bilboko eraldaketa urbanoa izan zen. Aurten eraikinak erakusten jarraituko dira baina azpimarra Bilboko eta Barakaldoko etxebizitza sozialen arkitekturan jarriko dute. Etxebizitza sozialaren bilakaera historikoa, tipologiaren bilakaera eta leku jakin batean bizitzeko modu ezberdinak dira hausnarketarako planteatutako alderdi batzuk.

Parte hartuko duten eraikinak 60tik gora izango dira. Kanpoaldean seinaleren bat egongo da jendeak eraikinak identifikatzeko. Boluntarioek informazioa emango dute, ilarak kontrolatuko dituzte eta eraikinak erakutsiko dituzte. Eraikin bakoitzeko 20-30 minutuko bisitaldi gidatuak izango dira, 25 pertsona inguruko taldeetan banatuta. Eraikin bakoitzak ahal duen ordutegia jarriko du barrutik ikusteko;ordutegi horiek jaialdiari buruzko gidan eta web-orrian kontsultatu ahal izango dira. Eraikin gehienak bisitatzeko ez da izenik eman behar, nahikoa izango da bertara joatea eta txanda izan arte itxarotea.

Jarduera osagarriak ere eskainiko dira, herritarrek hirigintza eta arkitektura-obrak ezagutzeko eta horiei buruz iritzia eta balorazioa emateko aukera izan dezaten;hori hirigintza eta arkitektura-obrak uriaren sorkuntza, arte eta kultura-arloetako produkzioaren funtsezko osagarri gisa hartuta.

OPEN BARAKALDO

Itsasadarrean behera egin du jaialdiak eta ondoko industria-hirira heldu da. Horrela metropoli mailan egingo da aurten, Barakaldoko obra eta eraikin batzuk bisitatu ahalko dira-eta. Aurten, beraz, eskaintza zabalagoa egongo da.

Barakaldo itsasadarraren bilakaera historikoan udalerri estrategikoa izan da eta baditu arkitekturaren eta hirigintzaren aldetik hainbat obra interesgarri. Zamalanetako kaietatik hasi eta arkitektura garaikideko obrak eginez Galindo aldeko garapen-aldeetan izandako eraldaketa urbanora arteko etapa industrialaren bilakaera erakusgai egongo da.

Jaialdiak hirigune bien arteko elkarrekintza sustatuko du, jardueren programa bateratua eskainiz. Bilbo eta Barakaldoren arteko konexioan eta mugikortasunean eragina izango du horrek.

BOLUNTARIOAK

Jaialdia gauzatuko bada, ezinbestekoa da herritarren partaidetza eta inplikazioa. Eraikinetako doako bisitaldiak boluntarioen laguntzari esker egiten dira, sarrera eta bisitaldiak kontrolatzen baitituzte.

Boluntarioei esker gauzatzen da Open House, boluntarioek euren denbora eskaintzen dutelako trukean ezer eskatu gabe eta kulturaren zabalkundean eta ekimenaren izaera parte-hartzailea sustatzen inplikatzen direlako.

Ikasle ez direnak ere izan daitezke boluntario, nornahi izan daiteke boluntario. Arkitekturako ezaguerak izan ala ez, profesionala izan ala ikaslea…baldintza bakarrak ekimenean parte hartu nahi izatea eta motibazioa izatea dira.

Ez da beharrezkoa egun bietan boluntario izatea. Nahikoa da egun bat edo egun erdi bat eskaintzea eta, trukean, zenbait abantaila izango dituzte: lehentasuna eraikinetara sartzeko, bisita esklusiboak…

Edonor izan daiteke boluntario. Inskripzioak boluntario@openhousebilbao.org helbide elektronikoaren eta www.openhousebilbao.org web-orriaren bidez egiteko epea zabalik dago.

OPEN HOUSE BILBAO

Open House arkitekturari buruzko jaialdi bat baino gehiago da. Herritarrek arkitekturaren eta hirigintzaren bidez uria hobeto ezagutzeko aukera izango dute. Bilbo eta Barakaldo Iberdrola dorretik edo BEC-etik ikusteko aukera ere jasoko du katalogo zabalak. Arkitektura eta azpiegitura-obra asko daude jasota eta, besteak beste, Deustuko sifoitik itsasadarra azpitik gurutzatzeko aukera egongo da, baita uriko jauregi dotoreak bisitatzeko aukera ere. Nortasun handiko gure uriaren iragana eta orainaldia ikusgai jartzen dituzten obrak. Gure uriak jakin du bere burua berriro asmatzen eta hirigintzaren aldetiko eraldaketaren arloan erreferente bihurtu da.

Open House Bilbao proiektua Bilboko Udalaren parte-hartze bidezko aurrekontuetara aurkeztu zuen OUT elkarteak, bera baita Open House Bilbao markaren ordezkaria. Hori dela-eta, badu Bilboko Udaleko Hiri Plangintzarako Sailaren babesa.

Aurten Bizkaiko Foro Aldundiko Kultura Sailak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Barakaldoko Udalak bat egin dute ekimen arrakastatsu honekin.

OUT diziplina askotan diharduen elkartea da, irabazi-asmorik gabekoa. Elkartearen helburua da Bilbo uriari buruzko hausnarketa kolektiboa egitea eta ideien laborategia izatea, bertatik proposamen berritzaileak sor daitezen kulturaren, hirigintzaren, arkitekturaren eta teknologia berrien arloetan.

OPEN HOUSE WORLWIDE

Open House nazioarte-mailako jaialdia da, arkitekturari eta hirigintzari buruzkoa;1992an egin zen aurrenekoz Londresen. Haren xedea herritarren artean eraikin jakin batzuetako diseinuaren eta arkitekturaren presentzia sustatzea da.

Urteetan zehar jaialdia beste hiri batzuetara ere zabaldu da, arkitekturan eta diseinuan abangoardian dauden hirietara. Une honetan 30 hiritan baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen. Hirien Open sarea, elkarrengandik ikasteko eta lankidetzan jarduteko da;eta Open House Worldwide familiako kideen artean sinergiak sortzeko aukera ematen du.

Open House Worldwide sarea hazten ari da etengabe;mundu-mailako plataforma bat da, eta, arkitekturaren zabalkundeari dagokionez, hirietako ekimenak kokatzeko eta ezagutarazteko baliagarria da.

Open House mundu-mailakoa da, eta balio komunak izan arren, hiri bakoitzak toki mailan jarduten du, hain zuzen ere, ezaugarri hori funtsezkoa baita arrakasta izateko. Horregatik, programek hiriaren berezitasunei erantzuten diete.

Parte hartuko duten zenbait eraikin:

Asteburuko egun bietan, hau da, irailaren 22an eta 23an, dohainik bisitatu eta ezagutu ahal izango dira eraikin hauek:

Chavarri Jauregia, 1894. A. de Anduiza, P. Hankar.Ibaigane Jauregia, 1900. G. Ibarreche.Olabarri Jauregia, 1894. J. de Zubizarreta.Bailen Etxe Orratza, 1946. J.M. Chapa, M.I. Galindez.Melia Hotela, 2003. R. Legorreta, TDM, Aurteneche&Pérez-Iriondo.Iberdrola Dorrea, 2011. C. Pelli, Ortiz-León.Bidebarrietako Udal Liburutegia, 1890. S. Achúcarro.Harino Panadera, 1902. Mario Camiña/ Fidel Urrutia.Azkuna Zentroa. 1909/ 2010. R. Bastida / P. Stark.Arriaga Antzokia, 1885-1890. J. de Rucoba.Arte Ederren Museoa, 1945/1970/2002. F. Urrutia, G. Cárdenas/A. Libano/L.M. Uruarte, P Basáñez.Bizkaia Aretoa UPV/EHU, 2010. A. Siza, R. Losada.Euskadiko Artxibo Historikoa, 2013. G. Carro, IDOM.IDOM Egoitza, 2011. J. Pérez Uribarri, IDOM.Yohn Jauregia (“La Bolsa” eraikina), 1727.Montero Etxea, 1904. L.Aladrén, J.B Darroquy.Euskalduna Jauregia. 1999/2012. F.Soriano, D. Palacios.Luis Briñas Ikastetxea, 1933. P. Ispizua.Bilbao Arena Kirol Jauregia, 2010. J: Pérez Uribarri.Santa Maria Josefa Eliza, Miribilla, 2008. IMBCastañoseko Merkatua (garai bateko ikuztegia) 1910/2009. R. Bastida / IMBEITBren egoitza, 2005, 2007. A. Rúiz de Aguirre, P. BenabidesKonkordia Geltokia, 1876. S. Achucarro / V. GorbeñaDeustuko Sifoia, 1997. Estudio Galdós / Bigalbi ArquitectosEliz Museoa. XVI.-XVII. mendeak.Emilio Campuzano LHII. 1845. G.B. de OrbegozoEsperientzia Gelak. 1885. S. de Goicoechea.Bilboko Udaletxea. 1892. J. de RucobaZankoetako Udaltegia. 1917 / 2011. R. Bastida / J.M. MenchacaBizkaiko Foru Liburutegia. 1929 / 2007 J.C. Guerra / IMB ArquitectosErriberako Merkatua. 1929 / 2010. P. Ispizua / E. PuertasEtxe Amerikarrak. 1964. R. Basañez, E. Argárate, J. LarreaIndautxuko Karmen Eliza. 1968. F.J. Ortega Uribe-EchebarriaEHAEObiz Egoitza. 1968. RJ.E. Casanueva, C. Garcés, J. Gaya, J. TorresUdaltzaingoaren egoitza. 2012. Coll-Barreu ArquitectosSuhiltzaileen egoitza. 2012. Coll-Barreu Arquitectos

Iaz parte hartuta nolabait programan finkatuta dauden eraikinekin batera, aurtengo edizioan zenbait obra eta espazio interesgarri gehituko dira;hala nola, hauek:

Bilbon:

Cava etxeak, 1869María etxea, 1890.Sociedad Bilbaína, Emiliano Amann Amann, 1913.Carreras Múgica arte-galeria, Estudio Herreros 2014.

Barakaldon:

Bilbao Exhibition Centre, Idom Arquitectura, 2005Lasesarre estadioa, Eduardo Arroyo, 2003Miranda Fundazioa (orain kontserbatorioa), Ismael Gorostiza, 1914ILGNER eraikina, A. Peña Boeuf, 1927Paulen eliza eta antzokia, C. Sans Gironela, 1969

Secciones