“Esencia” bira

Pablo Milanesek Euskaldunan joko du ekainaren 23an

(Youtube)

Zortzi urte geroago, trobadore bikaina Bilbora itzuliko da

Pablo Milanes Kubako Troba Berriaren ordezkari bikainak Bilbon joko du bere Esencia biraren barruan. Kantautoreak kontzertua eskainiko du ekainaren 23an, larunbatean, 20:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditorioan.

DEIA - Lunes, 11 de Junio de 2018 - Actualizado a las 10:59h.

BILBO. Bizkaiko hiriburuan azken kontzertua eskaini eta zortzi urte geroago, Pablo Milanes esentzian itzuliko da Bilbora, Saguburu Producciones ekoiztetxearen eskutik, eta errepikaezina izango den kontzertua eskainiko du, benetako ereserki bilakatu diren abesti klasikoz osatutako errepertoria jasoko baitu, Yolanda, El breve espacio en que no estás edo Yo no te pido, besteak beste. Bere abestiak eta musika eta mundua ulertzeko moduarekin duen konpromisoa dela eta, ezinbesteko artista bilakatu den abeslari, konposatzaile eta poetaz gozatzeko aukera paregabea izango da.

Pablo Milanes hirukote gisa igoko da Euskalduna Jauregiko areto nagusira, Maylin Gonzalez Adamak (txeloa eta teklatuak) eta Ivonne Tellezek (pianoa) lagunduta. Ahotsa gitarrarekin lagunduta, kantautore kubatarrak bere errepertorioko abesti antologikoak eskainiko dizkie ikus-entzuleei, De qué callada manera, Para vivir edo El tiempo pasa, eta abesti berriak ere hurbilduko dizkigu, Vestida de mar edo Días de Luz, besteak beste, duela denbora gutxi konposatu dituen eta bere musika sorkuntzan behin eta berriro agertzen den gaietako bati buruzko gogoeta egiten duten abestiak: denboraren iraganaren ezinbestekotasuna.

Pablo Milanesen ibilbide luze eta arrakastatsuan bakarkako 40 disko baino gehiago eta taldekako diskoetan partaidetza zabala jasotzen dira. Kubako Troba Berriaren sortzaileetako bat, musikaren mundua irauli zuen, mugak gainditu dituzten eta gaztelaniazko musika unibertsoan ezinbesteko bilakatu duten melodiak eta letrak idatziz. Kantautore kubatarra hainbat lanetan dago murgilduta gaur egun: Kubako Troba Zaharraren abesti handiak berreskuratuko dituen diskoa, Jose Maria Vitier piano maisuarekin, jazz amerikarraren estandarrez osatutako diskoa, Kubako musikari gazteekin, bere abestien artetik azpimarragarriak jasotzen dituen saltsa diskoa, Dagoberto González Jr.-ek ekoiztuta, eta abesti berriez osatutako diskoa.

Bere diskografia zabala, 1973an hasi zen, Haydee Santamaria Iraultzako heroiaren eta Casa de las Américas izenekoaren zuzendaria zenaren laguntzarekin grabatutako Versos Sencillos lehenengo diskoarekin. Gero, beste askoren artean, Chico Buarqueren, Mercedes Sosaren edo Luis Eduardo Auteren lankidetza duen eta 1985ean argitaratu zen Querido Pablo, etorri zen. Hiru urte geroago, Pablo Milanesek musika egitasmo handiari ekin zion, 1988an 22 kontzertu eskainiz Kuba alderik aldera hartu zuen Amo esta isla bira. Ondoren egin dituen lanen artean, Víctor Manuelekin batera grabatu zituen bi diskoak, Mucho más que dos (1994) eta En blanco y negro (1995), eta Despertar (1997) aipa daitezke, eta baita 2006an Kantautore Hoberenaren Grammy Latino Saria irabazi zuen Como un campo de maíz, eta Andy Montañezekin izan zuen lankidetzaren ondorioz Disko Tropikal Tradizional Hoberenaren Latino Saria irabazi zuen AM/PM, Líneas Paralelas diskoa ere, beste askoren artean. Horrez gain, artistak beste hainbat sari ere lortu ditu, 2015ean, bere ibilbide artistikoa dela eta eman zitzaion Bikaintasunaren Grammy Latino Saria, eta La Mar de Músicas Jaialdiko Sari Berezia, 2017an lortutakoa. Bere azken diskoa Renacimiento da, eta 2013an kaleratu zen.

Protesta abestiaren ordezkari handia, maitasuna eta konpromiso politikoa eta soziala dira bere lanen ardatz nagusietako bi. Pablo Milanes datorren ekainaren 23an, larunbatean, egongo da Bilbon, San Joan gauean, bere abesti maitagarrien bitartez gau berezi horren izpiritu magikoan are gehiago murgiltzen lagunduz.

Kontzertu bikain horretarako sarrerak salgai daude jada, 38 eurotik 62 eurora bitartean. Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta zerbitzu anitzeko Kutxabank kutxazainetan eskura daitezke. Bilbon izan dituen azken emanaldietan Pablo Milanesek sarrera guztiak agortu dituela kontuan izanda, kontzertura joan nahi dutenek ez lukete gehiegi itxaron beharko “ez dago sarrerarik” kartela aurkitu nahi ez badute. Musikari paregabearen jarraitzaile beteranoek eta gazteek ezin diote bere zuzeneko emanaldietan dena eskaintzen duen artistaz berriro gozatzeko aukerari ihes egiten utzi. Artistak berak adierazten duen eta emanaldi bakoitzean erakusten duen bezala, bere kontzertuak lanaren gorengo unea dira, eta agertokia, adierazpenerako leku nagusia.

Secciones