'2018KO BERTATIK BERTARA'

Bilbok, Gijonek eta Santanderrek sei proiektu berri aukeratu dituzte

Guztizko aurrekontua 60.000 eurokoa da eta hiru hiriek kopuru berdina jarriko dute

Bilboko, Santanderreko eta Gijoneko udalek 2018an “Bertatik Bertara” laguntzen programaren barruan, kultura-arloko sei proiekturi laguntza emango diete. Programak hiru hiriburuetako profesionalak harremanetan jartzea eta haien artean loturak sortzea du xede, profesional horiek elkarrekin ekimen zehatzak diseinatzeko eta lantzeko, geroago hiru hirietako kultur programazioan sartzeko.

DEIA - Miércoles, 13 de Junio de 2018 - Actualizado a las 10:33h.

BILBO. Aurten guztira 60.000 euro bideratuko dira programa horretara, 10.000 euro ekimen bakoitzeko. Dantza garaikidea, arkitektura-arloan emakumeen lana ikusgai jartzea, elbarrientzat artea irisgarria izatea eta gazteen artean jolasaren bidez liburuak eta irakurzaletasuna sustatzea dira proposamenen xedeak. Aukeratutako proiektuek badute egonaldi artistiko bat eta horren emaitzak hiru hirietan ikusi ahalko dira. Gainera, musika elektronikoa, bideo-sorkuntza eta performancea lortzen dituen ekimen bat ere jasota dute proiektuek.

Laguntzak emateko balorazio-batzordeak honako hauek eduki ditu kontuan: kalitatea, interesgarria izatea, proiektuaren bideragarritasuna eta berrikuntza, hiru hirietako gutxienez hiri biko profesionalen artean sareak sortzea, ekimena hiri bitan edo hiruretan garatzea, proposatutako jardueren jasotzaile izango diren pertsonen kopurua eta proiektuak lortzeko finantzazio osagarriaren ekarpena egitea.

Aurkeztutako 14 proposamenetatik epaimahaiak puntuaziorik handiena lortu duten sei ekimen hauek aukeratu ditu: ‘La reunión en danza’ (Asturiaseko dantzaren profesionalen elkartea, Kantabriako Movimiento en Red elkartea eta Euskal Herriko Bizidantza elkartea), ‘Tan cerca de ellas’ (Asturiaseko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Kantabriako Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritza), ‘El arte como sistema de cambio social. Accesibilidad en el arte urbano’ (María Menéndez Iglesias eta Luis Olaso), ‘Tres en raya: cultura-juego-lectura’ (El bosque de la maga colocrí liburu-denda, Gil liburu-denda eta Detalleres), ‘Tres ejercicios de tiro’ (Cristina Ojea Calahorra, Alexandra García Núñez eta Miriam Isasi Arce) eta ‘Nortocircuito’ (Alejandra Tassis - Proyecto Pilotu, Les Naves eta Eureka).

Epaimahaiko kideek ordezko proiektu bi ere aukeratu dituzte honetarako: proiektuaren sustatzaileek hala erabakiz gero edo dokumentazioa egiaztatuta oinarriak betetzen ez dituztelako bazterrean geratuz gero, puntuaziorik handiena lortu duten lau proiektuetako bat edo bi egin ezean, haren edo haien ordez egiteko. Aukeratutako sei proiektuen ostean, puntuaziorik handiena lortu dutenak dira ordezko biak;hain zuzen, hauexek: ‘Camino Escena Norte’ (Escena Asturias, ACEPAE eta Eskena) eta ‘La lista Larrinoa’ (Producciones Quiquilimón, Ábrego Producciones eta Bukleam Estudio).

Hauexek izan dira epaimahaia osatu dutenak: López de Aguileta (Bilboko Udaleko Kulturako zuzendaria), Justo Ezenarro (Bilboko Udaleko Kultur Programazioko zuzendariordea), Raquel Huergo Rodríguez (Gijoneko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Herri Unibertsitateko Fundazioko zuzendaria) eta Marcos Díez (Santander Creativa Fundazioko zuzendaria).

2018an ‘BERTATIK BERTARA’ LAGUNTZETARAKO AUKERATUTAKO PROIEKTUAK

‘La reunión en Danza (RED)’ Asturiaseko dantzaren profesionalen elkartearen, Kantabriako Movimiento en Red elkartearen eta Euskal Herriko Bizidantza elkartearena. Asturias, Kantabria eta Euskal Herriko dantza-profesionalen hiru elkarte horiek batzen ditu proiektuak. Sorkuntzari, publiko berrien sorrerari eta hiru elkarteen arteko sareko lanari eta elkarlanari laguntzea da ekimenaren funtsa.‘Tan cerca de ellas’ Asturiaseko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren, Kantabriako Arkitektoen Elkargo Ofizialaren eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzarena. Kultura eta sorkuntza-arloko elkarlanerako proposamena, emakume arkitektoen eta artisten lana orokorrean gizarte guztiari ezagutaraztea xede duena. Erakusketa bat antolatuko da eta Santanderren, Bilbon eta Gijonen ikusi ahalko du jendeak. Horrez gain, mahai-inguruak, hitzaldiak eta topaketak ere izango dira emakumeen lan arkitektoniko eta artistikoek duten balioa agerian uzteko eta emakumeek arlo horretan hiru hirietan izandako rola ezagutarazteko.‘El arte como sistema de cambio social. Accesibilidad en el arte urbano’ María Menéndez Iglesias eta Luis Olasorena. Elbarrientzat artea irisgarria izatea sustatu nahi du proposamen honek. Gai honi buruz hausnarketa egiteko jardunaldi bat izango da Santanderren eta, horren ostean, hiru hirietan esku-hartze artistiko irisgarri bana izango da.‘Tres en raya: cultura-juego-lectura’ El bosque de la maga colocrí liburu-denda, Gil liburu-denda eta Detalleres-ena. Jolasaren bidez liburuak eta irakurzaletasuna sustatzea da ekimenaren xedea. Hiri bakoitzean bederatzi espazio ezberdinen zehar ibilbide bat izango da. Lau eta hamabi urte bitarteko umeentzat da eta ehunen bat familia izango dira horren onuradunak.‘Tres ejercicios de tiro’ Cristina Ojea Calahorra, Alexandra García Núñez eta Miriam Isasi Arcerena. Miriam Isasik egonaldia izango du Espacio Creativo Alexandra delakoan arte-produkzioko proiektu honi esker. Ekoizpen eta ikerkuntza artistikoan zentratutako lana hiru hiriburuetan ikusi ahalko da, mahai-inguru eta performance-jarduera zenbait eginez. Miriam Isasik Gijonen izan zuen egonaldi bati eta horri jarraipena ematen dio proiektuak;eta horren emaitzak Espacio Creativo Alexandran ikusi ahalko dira.‘Nortocircuito’ Alejandra Tassis Proyecto Pilotu, Les Naves eta Centro Cultural Europeo Eurekarena. Arte garaikidearen elkarlanezko ekimena da Nortocircuito, musika elektroniko, bideo-sorkuntza eta performancean oinarritutakoa, baliabideak metatu eta diziplina horien historia Santandarren eta Gijoen zabaltzea xede duena.