Zirrikituetatik begira

Sánchez berriro ere

Rikardo. Arregi - Miércoles, 13 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

ORAIN dela hiru aste Pedro Sánchezi buruz idatzi nuen burlati txoko honetan: urtebete zeramala sozialisten buru arrakasta handirik gabe, katalanentzat egur gehiago ari zela eskatzen (155. gehiago, matxinada delitu gehiago, konstituzioaren zin egite gehiago) eta horrelakoak. Gaur Espainiako presidentea da, zentsura mozioa irabazi ondoren (EAJren baimenarekin), eta aurrekontuei buruzko eztabaida sutsu hura zaharkituta gelditu da. Gaur Rajoy ez da Espainiako presidentea, eta laster ezta PPkoa ere. Argi da etorkizuna asmatzea ez dela nire kontua.

Jendea pozik dago, gutxi gorabehera pozik, Pedro Sánchezen gobernu berriarekin. Egia da oso leku ilun batetik gentozela: beharbada ahantzi dugu, baina orain dela pare bat hilabete hiruzpalau ministro espainiar ibili ziren soy-el-novio-de-la-muerte abesti legionarioa kantatzen prozesio katoliko batean 1941. urtean, adibidez, biziko bagina bezala. Horren ostean edozer gauzak moderno, aurrerakoi eta paradisu dirudi hasieran;jarraian, hotzikarak egiten du bidea bizkarraldean Grande-Marlaskaren izena irakurtzean, jakina.

Etorkizuna asmatzea nire kontua ez denez, ez egin kasu gehiegirik orain hemen esango dudanari: gobernu berriak ez du Kataluniakoa konponduko, afera bere horretan segituko du, egia da bilerak, eta bileren argazkiak, egongo direla, hori baino ez;gobernuak keinu atseginak egingo dizkigu, gaur egun sozialdemokraziari gelditzen zaion agenda postmaterialista abian jarriz (badakizue, sistema sozioekonomikoa zalantzan jartzen ez dituen neurri sinpatiko eta batez ere merkeak);esperatzekoa da mozal legea desagertuko dela, osasun sistema unibertsalizaziora itzuliko dela eta eguzkiari zergak kenduko dizkiotela, baina ez harritu gehiegi hori ere atzera-tzen dela ikusten baduzue, gobernu berriaren zeregin nagusia bere buruaren publizitatea (eta hortikultura apur bat agian) egitea izango baita, ahalik eta egun gehien irauteko.

Etsigarria dela guztia? Esaten dutenez, alternatiba bakarra Ciudadanos da: horretan ados daude EAJ eta Podemos.

Secciones