LEHENENGO PLANA

Juan Mari Aburtok "etorkizunari begira"aurkeztu du

10 ildo estrategiko eta 26 helburu ditu eta 18 urtetik beherako adingabekoei zuzendutako 193 udal jarduera daude dokumentuan

Juan Mari Aburto Umeen eta Nerabeen 2018-2021 aldirako lehenengo Udal Plana aurkezteko ekitaldiaren buru izan da. Urian identifikatutako errealitatearekin bat datorren plangintzako dokumentua da;zeharkako 10 ildo estrategiko eta 26 helburu ditu eta 18 urtetik beherako adingabekoei zuzendutako 193 udal jarduera daude bilduta bertan.

DEIA - Jueves, 14 de Junio de 2018 - Actualizado a las 12:32h.

BILBO. Udaletxeko Arabiar Aretoan egin den aurkezpen publiko honetan, Alkateak, Umeen eta Nerabeen Udal Kontseiluko ume batzuekin batera, plan berri honek urirako eta umeentzat eurentzat duen garrantzia. Ekitaldi instituzional honetan, proiektuan parte hartu duten udal sailetako ordezkariak eta haurtzaroaren eta gazteen aisialdiaren arloan lanean diharduten Bilboko hainbat elkartetako kideak ere egon dira, gonbidatutako beste pertsona batzuen artean.

Alkateak esandakoen artean adierazi duenez “plan honekin hobetu egin nahi ditugu Bilboko ume eta nerabeei zuzendutako udal jardueren koordinazioa eta gestioa”. Horretarako, Udalak lanerako barruko egitura finkatu du, sarekoa eta koordinatua, kolektibo honen eskubideak beteko direla ziurtatzeko eta umeek eta gaztetxoek parte har dezaten uriko jardunean.

Plan honen nobedadeen artean, azpimarratzekoa da partaidetza handia izan dela, bai Udaleko sailena, bai umeena. Adingabekoek euren iradokizunak erantsi dizkiote lan honi, baita uriari eta euren interes eta ardurakoak diren gaiei buruz dituzten iritziak ere. Euren iritzia eskatzea eta euren ideiak aintzat hartzea nahi ez eze, beharrezkotzat ere jotzen dute. Izan ere, eurak izan dira Bilboko Umeen eta Nerabeen Lehenengo Planari “ETORKIZUNARI BEGIRA” izena jarri diotenak. “Izen oso polita da eta, gainera, gu, Bilboko umeok oraina eta etorkizuna gara eta ETORKIZUNARI BEGIRA horixe da: orain etorkizunari begira gaudela eta hura eraikitzen ari garela. Oso ondo dago guri galdetzea egiten diren eta egingo diren gauzei buruz, batez ere, eta izenak dioen bezala, etorkizunari begira eta gauzok ahalik eta ondoen egiteko bada”, azaldu dute aurkezpenean.

Euren interesekoak edo ardurakoak diren gaiei begira, uste dute garrantzizkoa dela eskoletan sakontzea bullyinga edo emakumeen aurkako indarkeria. Hala berean, gizarteko ezberdintasunak deusezteko proposamenak egin dituzte, hala nola, laguntzak etxea eskuratzeko edo eskolara joateko;braillea eta zeinu-hizkuntza ikasi daitezkeela ere eman dute aditzera. Horrez gain, ingurumenari eta jasangarritasunari dagokienean, urian natura gehiago egotea nahiko lukete, hau da, zuhaitzak, animaliak, orduak, bidegorriak…eta espazio gehiago urian kirola egiteko eta planetario bat.

Juan Mari Aburtok gogora ekarri du Bilboko gazteenen bizimodua hobetzeko hartutako konpromisoa. Plan honekin, uriko umeen lehenengo kontseilua sortzearekin edo UNICEFen “Hiri adeitsua umeekin” izendapena lortzeko egindako lanarekin bezalaxe, “berretsi egiten dugu umeei entzuteko, uria eraikitzeko eta gobernatzeko euren iritzia aintzat hartzeko eta Udalaren erabakiei euren ikuspegia eransteko konpromisoa. Izan ere, honekin guztiarekin benetan gura duguna zera da, euren partaidetza aktiboa izan dadila politika publikoak, oro har, taxutzerakoan, ez bakarrik gestioan, hirigintzan…baita berdintasunean, kulturan eta aisian ere, eta, batik bat, ez dadila ezberdintasunik izan euren hezkuntzan edo osasunean;Bilboko ume guztien eskubideak eta bizimoduaren kalitatea bermatu nahi ditugu”.

UMEEN ETA NERABEEN I. UDAL PLANA

Horren haritik, Umeen eta Nerabeen I. Udal Planaren hamar ildo estrategikoak planteatu dira;ildo horiek artikulatuko dute Udalaren sailen eta erakundeen jarduera:

1.Familiak babestu beren seme-alaben hazkuntza erantzulean, kontziliazioa bultzatzeko neurrien bidez, eta alor honetan gurasoei tresnak eman.

2.Ume eta nerabeen osasun fisikoa eta burukoa sustatu: arriskuzko jokabideei aurrea hartu, ohitura osasuntsuak sustatu eta arreta goiztiarra eskaini.

3.Ikasle guztien eskola-arrakasta sustatu, desberdintasunari aurrea hartzeko baliabide gisa. 4.Umeen arteko desberdintasunak eta pobrezia murriztu, adingabeekiko familiei lagunduz, umeen garapenean eraginik negatiboena duten beharrak estaltzen.

5.Umeen eta nerabeen zaurgarritasun, arrisku eta babes-gabezia kasuetan prebentzioa, arreta eta esku-hartzea hobetu.

6.Umeen eta nerabeen parte-hartzea sustatu aisia, kultur eta kirol arloko jardueretan, beren gustu eta beharretara egokitutako eskaintza inklusiboaren bidez.

7.Euskara jakin eta erabiltzea sustatu adingabeen bizitzako alor guztietan, beren kultura-nortasuneko elementu bat gehiago legez.

8.Hezkuntzako eragileen arteko koordinazio bidez balioen hezkuntza (dibertsitatea errespetatu, genero-berdintasuna...), elkarbizitza eta parte-hartzea sustatu.

9.Umeen eta nerabeen beharrak zehar-lerro gisa sartu hiriaren diseinuan, herritarren parte aktibo direla aitortu, eta horri buruzko erabakietan beraien parte-hartzea bermatu.

10.Erakunde arteko eta adingabeekin aritzen diren eragileen arteko koordinazioa sustatu, eta garatutako esku-hartzeetan koherentzia, egonkortasuna, jarraipena, eta eraginkortasuna izan xede.

Sailek kolektibo honentzat egingo dituen 193 ekintzei dagokienez, hauek dira aipagarrienak: eskola-higieneko programa, droga-mendekotasunen prebentziokoa, elikadura osasungarria, eskola-absentismoa, Agenda 21, kirol jarduerak, Gazteguneak, zinema euskaraz, antzerkia edo udalekuak, besteak beste.

Umeen eta nerabeen gaietarako Udalak dituen diru-baliabideei buruz, Udalaren sail edo erakunde bakoitzaren berariazko aurrekontuetan oinarrituta egin da plan honen aurrekontuaren kalkulua. Uste da gutxienez 2016ko zuzeneko gastuari eutsiko zaiola planaren indarraldiko 4 urteetan eta 77.909.946 eurokoa izango dela.

HAURTZAROAREN ERREALITATEAREN DIAGNOSTIKOA

2016an eta 2017ko lehen hilabeteetan zehar, udalerriko haur eta nerabeen errealitatearen lehen diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa egin zuen Bilboko Udalak;populazioaren %14,5 dira (50.112 pertsona). 2.200dik gora adingabek, familiak eta uriko erakundeetako eragilek hartu zuten parte, urte honen hasieran, diagnostiko horren lanketan, tailerren, eztabaida taldeen eta on-line inkesta baten bidez.

Datu horiekin, uriko umeen eta nerabeen funtsezko gaiak aztertu ditu eta, horrela, alde sendoak, aukerak eta kezkak identifikatu ere bai;betiere, adingabekoen neurriko plana taxutze aldera.

Lehen diagnostiko horren arabera, hurrengo urteetan populazioaren sektore honekin lotura duten erakundeetatik landu behar diren lan-arlo nagusiek eta haurren nahiz nerabeen ongizatearen hobekuntzarako erronkek demografiarekin, familiaren dimentsioarekin (lanaren eta familiaren bateragarritasuna, erantzunkidetasuna, haziera arduratsua), osasunarekin (ohitura osasungarriak, arriskuko jokabideak, osasun mentala eta dibertsitate funtzionala), hezkuntzarekin (eskolako errendimendua eta arrakasta, parte-hartzea), haurren pobreziarekin eta desparekotasunarekin, haurren babesgabetasunarekin, eskola jazarpenarekin, aisialdiko eskaintzarekin, eskaintza kulturalarekin eta euskararekin dute zerikusia. Hirigintza, genero berdintasuna eta partehartze aktiboa ere haurtzarora eta nerabezarora bideratutako politiken lerro estrategikoak markatuko dituzten gaiak dira.

“BILBO HIRI ADEITSUA UMEEKIN”

Udal Gobernuaren 2015-2019 agintaldiko helburuen barruan onartu da plan hau. Helburuotako bat “Bilbo, hiri adeitsua umeekin” izatea da. Zigilu bat da, eta zigilu horren bidez herrietan eta hirietan haurren alde egindako lana aitortzen eta balioesten du UNICEFek. Udalak aitortza hori 2018ko hurrengo seihilekoan eskuratuko du.