Zirrikituetatik begira

‘Aquarius’

Josu Torre - Jueves, 14 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

MIGRARIAK mundua mundu denetik direla gauza jakina da. Norbide guztietan doan giza samalda dela ere nabarmena. Egiten edota eragiten dituzten arrazoiak zeharo ezberdinak direla ere esan gabe doa bestalde. Ezberdinak ez ezik erabat kontrako norabidean gainera. Azken urteetakoak ikustea, besterik ez da. Alegia, milaka eta milaka afrikar, paraidisua deritzean Europara bidean -uretako bide bigun bezain latzean- lagun, kide eta senide itsasoan murgildurik hilotz utzita kasu askotan, ahalegin guztiak bertan behera erori eta edozein modutara, beti beharrez, alde egin duten etxe eta herrira itzuli arazi diotenak. Hauek dira egunotan, urteotan ikusgarri egiten diren migrariak. Ikusten ditugunak egiaz direnaren herenak edo gutxiago direla dakigun arren milaka dira hedabideetan argazki higuingarri eta guzti behin eta berriro azaltzen direnak. Ez zait ahaztu kontrako norabidean esan dudala. Izan ere, hauek iparrera bidea hartu behar izateko, aurreko mendeetan europarrak hegorantza abiatu zirelako, hauek ere, samaldetan. Arrazoi zeharo ezberdinetan aipatu dudanean, hauek kontinente beltz horietan zeuden baliabide bezala aberastasun oro espoliatzen, bertako herritarrak esklabo erabiliz, herrialde osoak miserian utziz eta inolako kupida gabe, lehen mundua dei-tzen diogun horretara itzuliz. Hauek aberasten joan ziren heinean, guarko migrariak bizi irauteko gutxieneko baldintza eske datoz. Eske, exijitzeko, duintasunez aldarrikatzeko ahul sentitzen direlako. Ahul giza baliabidetik harago dirua eta boterea jaun den mundu honetan izenik ez izanik ez dutelako. Bitxia, bestalde guk, europarrok, ematen diogun arta edo abegia, gure bizi irautego derrigor behar ditugula jakin arren. Urteotan nabarmen ageri da EHko naiz Europako edozein herrialdetan bertako gazteok ez dutela ofizio xumerik ikasi edo egin nahi. Ez doa inor igeltsero, arotz, iturgin edo antzekorik ikastera, ondotxu dakigun arren lan horiek barik ez dagoela bizitzerik.

Akaso horrexegaitik, solidaritatik haratago, Espainiako gobernu berria Valentziak lurreratzeko eman dien baimena.