Zirrikituetatik begira

28a gertu

Juanjo Olasagarre - Sábado, 16 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

BARKATU baina aurkitu ezin izan dudan Berria egunkariko titular bat aipatuko dizuet: gayak aberatsak dira, marikak pobreak. Euskal aktore batek (barkatu, ez dut izena gogoan) egindako baieztapen horretan gay mugimenduak egindako ibilbidea ageri da laburturik, pobretatik aberatsetara, marikeriatik gaytasunera.

Espainiako Erresumaren irekitasun zorionekoaren lorian, gerlia dariola aritu dira “ezkerreko” hainbat hedabide Pedro Sanchezek ez bakarrik genero parekotasuna gainditu duelako, baita bi ministro homosexual izendatu dituelako ere.

Niri interesatu egiten zaizkit nire ispilua izan daitezkeen horiek boterea zein gertakariekin duten harremanari erreparatzea. Interesatu egin zait Miquel Izetak, Santi Vilak, Eugeni Rodriguezek eta Toni Comik procesarekiko eta homosexualitatearekiko jarrera aztertzea. Eta antzeko jakinmina dut Grande-Marlaska eta Maxin Huerta (ze legealdi laburra) ministroei dagokienez, alegia, noraino markatu ditu homosexual izateak gizartearen arazo eta konponbideei dagokienez?

Susmoa dut eliteko izateak haien gaytasuna iraindua sentituko

litzatekeela marikatzat hartuko balituzte;areago iruditzen zait haur eta gaztetan jasan izan zezaketeen bazterketak ez duela eraginik izan beste baztertu batzuekiko duten abegikortasunean, bestela ez da ulertzen Grande-Marlaskak bere mahai gainera ailegatu

ziren tortura salaketei egin dien ez ikusia edo Maxim Huertaren liburuetan ageri den klase ertainaz kanpokoekiko interes gabezia. Frankismo garaian atxilotzen zituzten marika demaseko, espantuzko, ez-normaldu haiekin gela berean ikusi nahiko nituzke, eta mesprezu keinuaren espera izan. Ez dakit zer pasatzen zaigun

gay jendeoi boterera ailegatzen garenean, ergeldu egiten gara

eta molestatu egiten gaituzte horrenbeste kostatu zaigun normalitatea zalantzan para

dezakeen marikakeria oro, beste identitate nazional batzuk, esaterako, ez aipatzearren. Beharbada Zizek kabroi horrek arrazoi du, klasea da haustura bakarra. Klasea.