talaieroa

Aniztasuna oztopo

Erramun Osa - Martes, 19 de Junio de 2018 - Actualizado a las 13:10h.

Ustelkeria kasuak alderdi popularra etengabe astintzen ari ziren bitartean, inkesten aldeko haizea lagun zuela -besterik da, inkestek iragarritakoa nora arte gauzatuko zen-, boterera iristea gero eta hurbilago ikusten zuen Ciudadanos alderdiak. Izan ere, ez zirudien ezkerreko alderdiek zetorren oldeari aurre egiteko gaitasunik zutenik... baina ustea erdi ustel gertatu da, alderdi sozialistak aurkezturiko zentsura mozioak arrakasta izan eta aldi berri bati ateak ireki baitizkio. Ondorioz, Ciudadanos alderdiak ez du boterera iristea horren hurbil ikusten.Espainiaren gobernagarritasunean alderdi abertzaleek ez omen dute inolako eraginik eduki behar. Hara hor lehenago beste batzuek aipaturiko ideia indarberriturik! Kontua da, alderdi abertzaleek gobernagarritasunean eragiteko ahalmena badute alderdi nagusiak beraien artean adostasunetara iristeko gauza ez direlako dela -zenbaitetan, besteak beste Espainiaren batasuna defendatzeko orduan, ez da halakorik jazotzen-. Baina sasi-egia horren atzealdean aber-tzaleekiko -mespretxuz periferikoak deituta-, aniztasunarekiko herra dago. Riverak Frantziako sistema proposa-tzea zeukan, non alderdi nagusiek ordezkaritza lor dezaketen soil-soilik... baina sistema horrekin desoreka are handiagoa izateaz gain, bere alderdia boterea eskuratzetik are urrunago egongo zen. Boto guztiek balio bera izan behar dutela azpimarratzen du, Estatu mailako barruti bakarra eta alderdi edo koalizio bakoitzak lortu beharreko gutxieneko boto kopurua %3ko langan jarri nahi duenak. Ondorioz, jada Espainiako Gorteetatik kanpo geratzen diren ehunka milaka botoei beste ehunka milaka boto gehituko litzaizkioke -alderdi abertzaleenak-, Ciudadanos bezalako alderdiek herritarrek eman ez dioten gainordezkaritza lortzea ahalbidetuz... eta sistema bera Erkidegoetan ezarriko balitz? Euskadin nola Katalunian zein ordezkaritza izanen lukete Estatu mailako alderdi batzuek?Proposamen horren atzealdean ez dago boto guztiek balio bera izatea, deserosoak diren botoak desagerraraztea baizik. Izan ere, pentsatzekoa da herritarren parte hartzea bilatzen duen edozeinek barruti bakoitzean ezarririko %3ko horretara iristen ez diren alderdi eta plataformen ordezkaritza erraztea bilatu beharko lukeela, botoa emateko eskubidea dutenen kopurua ahalik gehien kima-tzen saiatu gabe... baina horrek bestelako alderdiei egingo lieke lekua Espainian, Estatu mailako alderdi batzuen gainordezkari-tza apalduz eta gobernagarritasuna bera ere zailduz. Nago halako proposamenen atzealdean aniztasuna aitor-tzeko dagoen ezintasuna dagoela... beraz, hori behar da ezabatu, desagerrarazi... ikusten ez dena ez delako existitzen!