Zirrikituetatik begira

Ez-argazkia

Rikardo. Arregi - Miércoles, 20 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

LERROOK astelehen arratsaldean idazten ari naiz (ekainaren 18an, bostak inguru) eta ez da oraindik inon agertu Iñaki Urdangarinen argazkia Brievako kartzelara sar-tzean (sakelakoaren mapan bilatu dut non dagoen Brieva zehazki). Sinestezina. Eta barkatu zutabe onak idazteko arauen kontra jo izan badut denborazko zehaztapen gehiegizko horiekin. Ziur nago argazki hori egon badagoela, bat baino gehiago. Beharbada Iñaki Urdangarienen aurpegia ez da oso argi ikusiko, ezaguna baita pertsona ospetsuei beira belztuak dituzten automobilak gustatzen zaizikiola, baina auto baten barruan silueta iradokitzaile pare bat da gutxien espero nuena.

Ez pentsa ni oso pertsona maltzurra edo herratsua naizenik, ez gehiegi dena den, ez zuek baino gehiago (ezta gutxiago ere), eta ez dut sufrimendu apartekorik nahi Urdangarin jaunarentzat, baina argazki falta balizko argazki morbosoa baino deigarriagoa iruditu zait. Urdangarinen azken abenturaren argazki bakarra argitaratu da orain arte: igande gauean hartu ziotena Madrid-Barajas-Adolfo-Suárez-De-Todos-Los-Santos aireportuan. Geroztik ezertxo ere ez.

Jakina, kazetariak eta argazkilariak ez dira haren atzetik ibili nora joan behar zuen jakiteko, ez dira egon hautatu behar zituen kartzeletako ateetan zain. Kazetari eta argazkilari guztiak Valentziako portuan zeuden elkartasunak bultzatuta. Kazetari eta argazkilari guztiek erabaki dute bat-batean Iñaki Urdangarin gaixoaren intimitateak begirune handia merezi duela eta bere penekin utzi dute lasai. Bai.

Baina guztiok dakigu kazetari batzuk, egunkari batzuetako zuzendari batzuk (bai, buruan dituzun horiek) edozer ordaintzeko prest daudela argazki horiek argitara-tzeko. Are gehiago, esku artean izango dituzte une hauetan. Baina badakizue, Erresuma, monarkia, konstituzioa, egonkortasuna gorde behar dira, zaindu, mantendu, arduraz jokatu. Orain ez da komeni. Zer beharra. Errege-erreginak Estatu Batuetan daude. Agian, geroago. Beharbada, beste une batean.

Zutabea itxi baino lehen, egunkariak kontsultatu ditut berriro ere;inoiz ez da jakiten noiz.

Secciones