Zirrikituetatik begira

Hil zaigu pastelero

Josu. Torre - Jueves, 21 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

ARTILLERO, dale fuego, ezkontzen zaigula pastelero” da, urtero Donostiako Aste Handia -Nagusia Bilbokoa da- hasten denean, edonork edo gehienak dakiten eta kantatzen duten ereserkia. Artilleroa, batetik, txupin apaletik harago Gipuzkoako hiriburuak hainbeste gerra izan ondoren bolboraren zarata eta usaina maite dutelako donostiarrak eta, zer koño!, horretarako zaintzen dute urte osoan kanoi dotore hori. Pasteleroarena, ordea, bai han eta EH osoan gozokiak eta gozoki egileak asko maite ditugulako. Zaleak garenak beiñepeiñ ondotxu dakigu Tafalla inguruan ibili ezkero, erdiko kalean egiten dituzten, kremaz beteriko hostorezko, alpargatak edo Gernikatik pasatuz arroz pastela jan eta etxerako zuri beltzak erosi, Iparraldera osteran Askain edo Baionan pastisa edo gaté basque etxekoentzat, Bergaran ahaztu gabe paper sendoz gordetako errellenoak, kokoteak Markinan, txokolate, teila edo zigarroak Tolosan, baskito eta neskitak edo txokolatezko boilur edo trufak Gasteizen. Zer esanik ez Bilbora hurbiltzerakoan karolina, pantxinetak, makarroiak eta beste. Galga jo behar dut, ahoa urtzen zaidalako eta irakurle diabetikoren bat ba nu ez nioke tentazioa eman besterik egingo. Kalterako ez beza!

Aurretiko dena, herri nahiz hirietan gozo egileak erreferentzia bilakatzen direlako. Horregatik, itsasoa bertan behera utzi eta Miguelek eta Antonik herrian gozotegia ipini zutenean berehala maitatuak izan ziren. Ofizioa ikasi eta oinordekotza hartu zuen Miguel Angel harago iritsi da. Marivi arrebarekin batera umetatik aitaren eta amaren gona bueltan azpira eta labe bueltan ibili eta gero. Mutilak ofizioan aurrera, neska dendan Mungiako gozozaleen lekua, Leku Ona. Ofizioa maitatzearen eredua, kasurako, hainbat urtez Bizkaiko gozo egileen zuzendari izatea. Baina denean deigarriena, Frantziako Tour-etik, ia beste gabe, Miguel Madariaga herrira etortzea Migel Angelen pastelekin bizikleta izarren ahoak gozotzeko, ez ezik, Le Blanc zuzendaria bera ere “engainatzeko”. Artillero, dale fuego, hil zaigu eta Pastelero!

Secciones