Zirrikituetatik begira

Gaixotasuna

Juanjo Olasagarre - Sábado, 23 de Junio de 2018 - Actualizado a las 08:17h.

FOUCAULT eta Deleuzeren, adiskideak ziren, lanak oinarri hartuta sortu zuen David Cooperrek hirurogei hamarkadan antipsikiatria psikiatriaren adarra. Antipsikiatriak gaixoarengan beharrean gizartean paratzen zuen arreta, eta gaixotasuna sintoma baino ez zen: gizartea da gaixo dagoena, eta gaixoak hori erakutsi baino ez du egiten. Antipsikiatriak irrika utopiko bat zuen bere baitan, gaixoa askatuz gizartea askatzea, askatasunak osasuna esan nahi duelarik. Antipsikiatriaren ez dakit ahalmen sendatzaileaz baina gizartea dekodifikatzeko ahaltasunaz asko adierazten du transexualitatearekin gertatu denak. Generorik ez balego, transexualitatea gaixotasun moduan ulerturik, desagertu egingo litzateke, edo modu leunagoan esateko, genero bateko izatea ez balitz osasun mentalaren parte gisa ulertuko, transexualitatea ez li-tzateke gaixotasun. Aste honetan, Munduko Osasun Erakundeak transexualitatea gaixotasun mentaltzat hartzeari utzi dio, lehenago homosexualitatearekin gertatu moduan. Beraz, legez behintzat, atzo gaixotasuna zena, gaur osasuna da. Emanen luke gaixotasuna dekretu baten erabakiaren arabera ebazten dela, horrek boterearen nolanahikotasuna, MOErena esaterako, salatzen duelarik. Foucaultek biobotere izendatu zituen gure osasuna, izaera, nortasuna, ongizatearen gainean erabakitzeko ahalmena duten erakunde, araudi, debeku, joera, irrits eta abarrak. Galdera egitea erraza da transexualitatearen kasuan, nork zuen arazoa, sexua generoarekin bat ez zetorren gorputz horrek ala gorputz hori irakurtzen zuen begiradak? Bada, biobotereak ezarritako begiradak dudarik gabe. Eta begirada horretatik ondoriozta daiteke gaixo bat osasuntsu bat baino ez-humanoagoa dela, eta gaixo fisiko bat gaixo mental bat baino ez-humanoagoa. Eta horrela joango ginateke gizatasunean eskalan gero eta beherago. Foucaultek, ordea, beste gogoeta interesgarri bat egin zuen, alegia, boterea ez da gainetik dabilkigun zer abstraktu bat baizik eta gure baitan txirikordaturik dagoen zerbait: gutako zenbatek partekatu eta hedatu dugu transexualitatea gaixotasuna delako ustea? Eta gogoeta beste eremu batzuetara eramanez, zenbati, inkontzienteki bada ere, iruditzen zaizkigu pobreak ez-gizakiago? Eta emigranteak?