Klis-Klasikoak app bildumako hirugarrena

'Amattoren uzta' ipuinaren aplikazioa txikientzat

'Amattoren uzta'

Galtzagorri elkarteak Klis-Klasikoak app bildumako hirugarren aplikazioa sortu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin eta Erein argitaletxearen eta Orona Fundazioaren babesarekin. Horrela, haur eta gazte literaturako elkarteak, "transmedia kontakizunetara salto egin du".

Domingo, 24 de Junio de 2018 - Actualizado a las 18:17h.

BILBO. "Amattoren uzta" liburuan bildutako 15 istorio tradizionaletako hiruri bizia eman die aplikazioak. Horrela, abentura grafiko bihurtu du horietako bat, 360 graduko diseinua eman dio beste bati, irakurlea istorioan bertan sar dadin, eta animazioa eta interaktibitatea eskaini die guztiei. Gainera, jolasten duen bitartean, istorio tradizional hauek entzuteko parada izango du irakurleak.

Galtzagorrik jakinarazi duenez, app berriari lotuta, lehendabiziko transmedia irakurketa kluba burutuko du datorren uztailean Orona Fundazioaren egoitzan, Orona Ideon, Hernanin). Helburua da 8-12 urteko gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzea eta literatura dibertsioarekin lotzea da. Izen-ematea zabalik dago ekainaren 22ra arte.

Mayi Ariztiak "Amattoren uzta" liburuan Ipar Euskal Herriko ipuin kontalari zenbaiti entzun eta bildutako ipuinak hartu ditu oinarri Galtzagorrik app berriasortzerakoan. Horiek guztiak 1934an argitaratu zituen Ariztiak lehendabizi Baionan, "Gure herria" aldizkariaren gehigarri gisa, eta, ondoren, 1982an, Elkar argitaletxearekin. XXI. mendean, Galtzagorri elkarteko Klik-Klasikoak proiektuari esker, Patxi Zubizarretak gaurkotu eta egokitu zituen eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak ilustratu.

"Amattoren uzta" aplikazioan Patxi Zubizarreta izan da gidoigile eta Maite Gurrutxagak ilustratu ditu bere animazioak, eszenak eta pertsonaiak, istorioei elkarrekintza eta animazioa emateko. Joserra Senperenak sortu die musika, eta Amaia Hennebutek ahotsa jarri die Patxi Zubizarretarekin batera.Oreka Interactive enpresak egin du garapen informatiko osoa.

"PAUSO BAT GEHIAGO"Klis-Klasikoak app bildumaren baitan, "Amattoren uzta" aplikazioak "pauso bat gehiago" ematea ekarri du. Izan ere, XX. mende hasieran Ipar Euskal Herriko baserrietan ahoz kontatu eta mende horren erdialdetik aurrera paperera jasotako ipuin tradizionalak dira aplikazioan entzun eta dibertitzeko aukera eskainiko dutenak.

"Abentura grafikoa sortu dugu 'Hartz-kumeren istorioa'-rekin, 360 graduko esperientzia 'Gameluaren istorioa'-rekin, eta ipuin interaktiboa 'Arttoren istorioa'-n oinarrituta. Guztia berariaz sortutako musikaz lagundurik", azaldu dute Galtzagorritik.

Aplikazioaz gozatzeko liburua eskuratzea gomendatu du Galtzagorrik, liburutegietan edo ohiko liburu dendetan. Ondoren, irakurle eta nabigatzaileak nahikoa izango du Internet bidez Galtzagorri elkartearen webgunera sartu eta bertan aurkituko duen "Amattoren uzta" app-aren ikonoan klikatzea, zehazki, helbide honetan: http://www.galtzagorri.eus/euskara/klis-klasikoak/appak

Secciones