Zirrikituetatik begira

Isotonikoak

Juanra Madariaga - Domingo, 24 de Junio de 2018 - Actualizado a las 08:38h.

EDARI isotonikoaren izena dauka. Itsasontziak. Aquarius. Eta edaterik ez zeukan barruan, bai ostera, gerretatik, erasoetatik, biolentzietatik, gosetetik zetorren ehunka pertsona. Joan den igandean, Valentzian lehorreratu zen barku isotonikoa, barruan zeramatzanen bizia salbu.

Hedabideek beste zirko bat muntatu dute horren inguruan, eta betiko lez, herri askotako maskara europar, moderno eta gizatiarrak lurrera erori dira, eta bakoitzak bere zainetan zer odola daraman agerian gelditu da beste behin. Elkartasuna eta laguntza bigarren plano batean lotu dira. Herria bertako herritarrentzat da, bestela sar itzazu zeure etxean. Lotsagarrikeria eta higuina.

Eta hori guztia gertatzen zen bitartean, migratzaile haien bizitza artatzen zen bitartean, beste milaka ur sakonetan sartzen ziren Europara helduko diren esperantzan. Bidaiak luzeak dira eta ez dute bukaerarik, nahi duten ametsa ez bada.

Aste honetan, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izan da. Horrelako egunetan datuak haizatzen dira, neurrigabeko tamaina hartu duen arazo global horretaz jabetu gaitezen. Eta datu horiek hala diote: iaz, ia 70 milio gizakik euren etxeak eta ondasunak abandonatu zituzten, beste habitat hobeago baten xerka. Eta horietarik asko errefuxiatu bilakatu dira, linbo harrigarrietan bizi baitira. Horiek guztiak desplazatuta daude modu bateko edo besteko errepresio, jazarpen edo bizitzeko baliabideen eskasiagatik. Nahitaezko migratzaile horien artean sufrikarioa larriena nozitu behar dutenak umeak eta emakumeak dira, eta babes-eskatzaile kopuru handia osatzen dute. Larria da, oso larria, Trump izokin madarikatuak abiarazi duen kanpotik datozkion umeekiko errepresio egoera. Gaur egungo gure munduak ezin du hori bezalako giza-eskubideen urraketa denigranterik onartu.

Herrialde guztiek errefuxiatuen eskumenak errespetatzeko eta babesteko borondatea erakutsi behar dute diskriminaziorik ez egiteko, eta aukera-berdintasuna orokorra izateko. Europako Batasunaren lehen lerroan ezarri behar den gaia da hori, eta ez isurkin isotonikoaren izena zuen itsasontzia.