Bertsolaritza

Bertsolaritza, feminismoaren doinuan

Emakume bertsolariek plazak bereganatu badituzte ere, bertsolaritzan genero ikuspegia txertatzeko bidean lan handia dago egiteke. Lerroon gainean, hainbat emakume bertsolari. XDZ / Conny Beyreuther

UEUren eskaintzaren barruan, ‘Bertsolaritza genero ikuspegitik’ ikastaroa egingo dute astelehen eta asteartean, Iruñeko Katakrak liburudendan

Dabi Piedra - Lunes, 25 de Junio de 2018 - Actualizado a las 18:29h.

Orain dela hamarkada gutxi gizonek hartzen zuten bertsolaritzaren plaza erabat, eta gaur egun, aldiz, emakumezkoa da Euskal Herriko txapelduna, Maialen Lujanbio. Hor garapen bat egon da, oholtzara berdintasunaren prin-tzipioak eramateko ahalegina eta emakumeen ahotsa bertsotara ekartzeko hausnarketa. Baina prozesua ez dago bukatuta, genero ikuspegia guztiz txertatzeko bidean etapa asko daude oraindik ibiltzeko. Iruñeko Katakrak liburudendan egingo duten bi eguneko ikastaroan aztertuko dute zer egin den orain arte eta zer erronka dauden zain.Ane Labaka eta Miren Artetxe dira Bertsolaritza genero ikuspegitik ikastaroko antola-tzaile eta koordinatzaileak. Biak dira bertsolariak eta era aktiboan ari dira begirada feminista bertsogintzan txertatzeko ahaleginean, oholtza gaineko jardunean nahiz handik aparteko gogoetetan. UEUren eskutik, eta Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies lankide dutela, 16 orduko egitarau presentziala atondu dute, datorren astelehen eta asteartean banatuta. Aurretik ere bertsolaritzari genero ikuspegitik heldu zaiola jakinik eta egindako aurrerapausuak gogoan izanik, une egokia iruditu zaie era honetako ikastaro bat antolatzeko. “Urteetan atzera eginda bertsoaren baitan hainbat jende ibili da ikertzen, esperimenta-tzen, hausnartzen, eztabaidatzen... hortik abiatuta, ikastaroan aurrera begirako oinarri moduko bat jartzea da gure erronka”, dio Ane Labakak. Oinarri horrek erakutsiko die hurrengo urteetan nondik nora jo. Erronka horiek identifikatzeko, esperientzia zabaleko eta ikuspuntu ugaritako hizlariak eramango dituzte Katakrak dendara. Esate baterako, aurreneko eguneko mahai-inguruan, artean gizonek guztiz hartua zen bertsolaritzan beren bidea aurkitu behar izan zuten hiru bertsolari aitzindari egongo dira: Aran-tzazu Loidi Garitano, Kristina Mardaras Sedrun eta Estitxu Arozena Albisu. Haiekin batera, belaunaldi gazteagoen ordezkari, Nerea Ibarzabal Salegik parte hartuko du. ADITUAK ETA ARITUAK Maialen Lujanbio txapelduna, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Beti Bezperako Koplak taldeko sortzaileak, Oihana Iguaran bertsolari eta komunikazioan aditua... bertsolaritza abiapuntu, nork bere arlotik egingo du gogoeta. Maite Berriozabal gai-jartzaileak, bere aldetik, genero ikuspegia txertatzeko ezinbestekoa den jarduna aztertuko du, gai-jartzaileak ezartzen baitizkio egoerak eta rolak kantatu behar duenari. “Ideia bururatzen zaigunetik gai bihurtzen denera bitarteko hausnarketa eta fintze lana konpartitzeko gogoz nago”, dio Berriozabalek, “prozesu horretan genero ikuspegia non eta nola lantzen dugun, eta non ez eta nola ez, azalduko dut”.Bertsozale Elkartearen genero-taldearentzat ere egongo da tartea, ikuspegi feminista zabaltzeko tresna eraginkorra baita orain dela hamar urtetik. Horko kide den Ixiar Eizagirrek azaldu duenez, hiru ildo nagusi ditu genero-taldeak: Elkartearen ekimenetan genero-ikuspegia zaintzea;sentsibilizazioa eta formakuntza bultzatzea;eta esperientziak jaso eta gizarteratzea. “Lan egiteko gure modua zein den ikasten joan gara apurka -dio Eizagirrek-, modu horren parte dira konfiantza oinarria izatea, begirada positiboa eta lekua egitea feminismoaren sentsibilitateei”.Bertsolaritzatik kanpoko adituak ere ez dira faltako jardunaldian. Bigarren eguneko mahai-inguruan, Kattalin Miner moderatzaile dela, Iratxe Retolaza literatur kritikaria, Miren Gaztañaga aktorea eta Leire Lopez Ziluaga musikari eta Mefsst! kolektiboko kidea egongo dira. Mari Luz Esteban eta Jone Miren Hernandez antropologoen azalpenak ere entzungo dituzte parte-hartzaileek eta Euskal Herriko feminismoaren historia jorratuko dute Edur Epelde Pagolak eta Miren Aranguren Etxartek.Ane Labakaren esanetan, “elkartrukea elika-tzeko” gonbidatu dituzte bertsolaritzatik kanpoko eragileak. “Bertsolaritzan genero ikuspegiarekin egindako aldaketak feminismoak bere baitan egindakoekin oso lotuta egon dira”, gaineratu du ikastaroko koordinatzaileak. “Bertsolaritzak asko edan du feminismoaren iturritik eta, era berean, azken urteetan feminismoa ere jarri da bertsolari-tzara begira”. HISTORIA BERRESKURATU Izan ere, emakumeen ikusgaitasunari eta ahalduntzeari bidea irekitzeko orduan, bertsolaritzak badu zer erakutsia eta zenbait kasutan eredu izan da. Beti ez da hala izan, ordea. Karine Etxeberrik Iruñeko ikastaroan emango duen hitzaldian, emakumeek bertsolaritzaren historian utzitako arrastoak aipatuko ditu, han eta hemen utzitako aztarnak baizik ez direlako gorde. Elixabete Perez Gazteluk Joxepa Antoni Petrirena Aranberri Xenpelarren kasua azalduko du, historia ofizialak ahaztutako bertsolari trebea. “Unibertsal eta neutrotzat kontatu zaigun historiak emakumeak ikusezin bilakatu dituela salatu izan du feminismoak”, gogoratu du Labakak. Horregatik, lehengo andre bertsolarien memoria berreskuratzeko helburua ere jarri diote ikastaroari, kontakizun ofizialaren “zirrikituetan arakatuz”.“Gaur egun ideia onartua da emakumeak bertsolaritzara egokitzeaz gain, bertsolari-tzak berak ere emakumeen bidetik etorritako aldaketetara egokitu behar duela”, gaineratu du Labakak. “Duela urte batzuetatik ari gara gaia lantzen, zentrora ekartzen”. Genero-taldea akuilu izan da bide horretan, Ixiar Eizagirreren esanetan “hamarkada oso emankorra” izan baita: “Lan handia egin da, eragile askoren artean”. Alderdi kuantitaboan nabarmena da aldaketa, emakumezko bertsolariak gero eta gehiago dira eta Lujanbiok irabazitako bi txapelak erreferente dira, bertsolaritzaren munduan eta gizarte osoan. Baina alderdi kualitatiboak eskatzen du eraldaketa sakonena eta hor badago zeregina oraindik. Esate baterako, saioetako gaiak pentsatzeko orduan, genero ikuspegia gogoan izan behar dela ez du inork zalantzan jartzen, baina aurrera egiten uzten ez duten “inkontzienteko mila kontu” daudela nabaritu du Maite Berriozabalek. “Oraindik oinarrizko eztabaida asko ditugu, bidea egiten ari gara”. Gaia bera baino, egoerak formulatzeko moduak iruditzen zaizkio funtsezkoak, alegia, zertan jartzen den fokua eta nori ematen zaion ahotsa.Genero ikuspegiak lan pertsonal handia eskatzen duela, baina taldean gaia jorratzea ere lagungarria dela uste du Berriozabalek. Horrekin batera, bertsolarien beraien ekarpena ere ez da ahaztu behar: “Haiek ere markatu digute bidea eta ikuspegi oso interesanteak jarri dituzte mahai gainean”. Hemendik aurrera zer bide hartu erabaki-tzeko, orain arte egindakoari begiratuko diote Iruñeko ikastaroan. Ane Labakak dioenez, “praktika feministak” sortu dituzte bai plazan eta baita handik kanpo ere. Ahalduntze bertso-eskola datorkio burura, hilero-hilero 15 emakume inguru biltzen dituen topalekua, elkarrekin kantatu eta trebatzeko. Bizkaian antzeko ekimen bat, Zilekoa, antolatu dutela gaineratu du. Eizagirrek ere oinarri sendoa ikusten du aurrera begirako erronkei ekiteko: “Hamar urtean aurreratu dena baloratuta, bidean jarraitzeko indarrak emango dizkigu”. Bertsolaritza gizartea eraldatzeko tresnatzat dute ikastaroaren antolatzaileek eta, beraz, balore feministen itsasargi izango da Iruñea bi egunez.

Secciones