Basque Industry 4.0 programako laguntzak eskatzeko epea irailaren 6ra arte luzatu da

Programaren helburua euskal enpresa industrialak 4.0 industrian sartzea da

Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez ematen dituen Basque Industry 4.0 programako laguntzak eskatzeko epea irailaren 6ra arte luzatu da. Joan den maiatzean abiarazitako programaren helburua da euskal enpresa industrialak 4.0 industrian sartzea eta izen bereko estrategiaren barruan kokatzea.

Europa Press - Martes, 26 de Junio de 2018 - Actualizado a las 14:20h.

BILBO.Basque Industry 4.0 estrategia Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen lan mapa bat da, euskal industria Europako abangoardian kokatzeko helburuarekin.

Basque Industry 4.0 programak 2,5 milioi euroko zuzkidura du eta helburua da diru horrekin 25 proiektu bultzatzea. Laguntza jasotzen duten bakarkako proiektuek gehienez 150.000 euroko diru laguntza jaso dezakete, eta lankidetzan eginiko proiektuek, berriz, gehienez 300.000 euro proiektuan parte hartzen duten enpresa guztientzat.

Bestalde, proiektuek lotura izan beharko dute arlo hauetakoren batekin: zibersegurtasuna, cloud computing, big data, robotika, errealitate areagotua, ikusmen artifiziala, sentsorika edota material metalikoen diseinua eta fabrikazio gehigarria. Horrez gain, laguntzak jasoko dituzte Basque Digital Innovation Hub espazioko azpiegiturak erabiliko dituzten proiektuek, zehazki, robotika malgua, fabrikazio gehigarria eta zibersegurtasun industriala lantzen dituztenek.

Basque Industry 4.0 programak 1,92 milioi euroko laguntzak onartu zituen 2017an, eta horien bitartez babesa eman zitzaien manufakturako enpresa industrialetara teknologia transferitzeko 28 proiekturi. Programa horietarako eskaerak www.spri.eus/laguntzak webgunean tramitatuko dira.