Talaieroa

Bortxatua eta zokoratua

Erramun Osa - Martes, 26 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Zail gertatzen zait ulertzea La Manada deritzon taldea baldintzapean aske uzteko erabakia, harik eta jarritako helegiteei buruzko erabakia hartu arte. Are harrigarriagoa begitantzen zait epaileek erakutsi duten jarrera, sasoi batean, indarkeriaren aurrean, bai eta bankuen gehiegikerien aurrean horren oldarkorra... eta gai lazgarri honetan horren otzana bilakatu dena, korporatibismo kutsu nabarmena barruratzen duena. Nafarroako epaileek harturiko erabakia legearen barruan hartua izan omen da! Besterik espero zitekeen? Legearen kontrako erabakia hartzea gertagarria zen? Kontua da, helegiteei buruzko erabakia hartu bitartean kartzelan manten zitezkeela, legea inola ere urratu gabe.

Beharbada, erabaki horren atzealdean, hastapeneko epaiari epaile baten boto partikularra egongo da, ezen, honek ez bai-tzuen ez abusurik antzeman, are gutxiago bortxaketarik... areago, biktimari iradoki bai-tzion baimendutako harremanak ez ezik, gozatu ere egin zuela. Nazkagarriak dira era honetako baieztapenak, halako gertaerak epai-tzeko gaitasuna bera ere zalan-tzan jartzera iristen direnak.

Batzuek diote epaileen erabakiak ezin direla kritikatu, ez eta zalantzan jarri ere. Bada, gizarteak biktimari hurbiltasuna erakusteaz gain, era honetako epaiak -beste batzuk bezala- kritikatzeko eskubidea du. Are gehiago, ikusten denean bost lagun inguratzen duten emakumeak borrokatu behar duela, oldartu eta erresistentzia argia erakutsi emaniko testigantza aintzat hartuko bada... eta bestetzuen nagusikeria ez dela inola ere aintzat hartu behar. Norbaitek uste du emakume batek halako bide malkarra, desatsegina abian jarriko duela arrazoirik izanen ez balu?

Biktima bortxatu egin zuten arimarik ez duten batzuek Iruñeko kaleetan... epaileak iraindu zuen, gozatu zuela aditzera eman zionean;epaileek zokoratu zuten, gertaerak abusua ez besterik zirela ebatzi zutenean;iraindu, bortxatzaileak kaleratu dituztenean;beheratu, biktima jazarri eta intimitatea alboratu bere datuak lau haizeetara barreiatu dituztenean... eta orain barrurik ez duten hedabide batzuen samalda dator, erasotzaileei elkarrizketa eske ari zaizkienak. Albait ikusle eta irakurle gehien izatea baita batzuen kezka, biktimaren sufrimendua gorabehera. Ai, horren arinak bagina hurbileko bat egoera berean balitz!

Beharbada, gertaeren arrimuan, egonen dira Zigor Kodea moldatzea eta gogortzea beharrezkoa dela ikusten dutenak. Nolanahi ere, ezinezkoa da Zigor Kode batek giza-portaeren ertz guztiak aurreikustea eta gaitzespen soziala zigor bilakatzea. Horretara iritsi gabe, akaso, beharrezkoagoa da epaileak errealitatetik hurbilago egotea eta zentzu komuna nagusitzea.