Zirrikituetatik begira

Doilorrak heroi?

Josu Torre - Martes, 26 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

SARE sozialetan bolo bolo hasi da, laster gizarte osora zabalduko denaren seinale eta hortik errealitate egitera jauzitxo bat besterik ez dago. Gai berean jo eta ke nabilela ere egia da, baina gai horrek berak sor-tzen ditu ekiteko beharrak. Duela bi urteko San Fermin gaueko asto kirtenkeriatik gaurdaino samalda sevillarraren inguruko berriak ez dute itxaropenerako urrats txikienik ere eman. Egunotan kartzeletatik ateratzeak ere ez du ematen justiziaren esperantzarako leihorik irekitzen duenik. Alderantziz, hortaz eskasak ziren sinesmenak murriztu baizik. Sevillan dira dagoeneko Madrileko neska gaztea iraindu eta bortxatu zuten koadrilako bostak. Behin behineko askatasunez, baina aske. Nahi balute, aurtengo Sanferminetara bueltatu eta beste hainbeste egiteko askatasunez. Apenas ingurukoek maitasunik adierazi diote, erreskaterako dirua gutxi izan arren, lortzea kostatu zaielako eta omenaldi modukorik ere ez dute jaso beraien sorterrietan. Arriskua bete ildo batetik dakusat.

Bolo bolo dabilena hainbat telebista kateren ahalegina da. Diotenetik urrea eskaintzen dabiltza bost basati horien elkarrizketaren truke. Orain arte ezkutuan eta laster agerian aske ateratzeko behar izan dituzten 6.000 euro ez ezik hainbat gehiago eskuratuko lukete, bi urtez askorentzako morbo bizia sortu duen gaiaren inguruan argia piztu edo areagotzearen truke. Ezagunak dira TB batzuk edozein heriotza edo erailketaren inguruan inolako lotsa gabe egin dituztenak eta, honako honek, heriotzarik ez badu ere krudelkeriaz gain erotismoaren indar guztia du berarekin. Zein katek ez dakit baino egingo dutelakoan nago. Eta nazka ematen dit. Bolo bolo dabilena, ordea, ez dut esan: “Aldarri ozen eta latza hori ez dezatela egin exijitzeko. Eta, egingo balute, inguruan azaltzen diren publizitateko marka guztiei boikot gorria egiteko”. Idazten nagoen une honetan datorkit betaurrera, biktimak Instagram-en argitaratu duena. Hemen ez dut sartzeko tokirik, bihotzean gordeko dut. Eskura ezazue.