bero-boladen ondorioak

Bero boladek herritarren osasunean izan dezaketen eragina zehazteko azterlan bat egingo du Jaurlaritzak

Segurtasun eta Osasun sailek hitzarmen bat izenpetu dute bero-boladek euskal herritarren osasunean izan ahal duten eragina zehaztuko duen azterlan bat egiteko (IREKIA)

Estefanía Beltrán eta Jon Darpón sailburuek arrisku-faktoreak ezabatzeko eta eragin negatiboak minimizatzeko prebentzio-lanaren garrantzia azpimarratu dute

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Jon Darpón Osasuneko sailburuak, oinarrizko hitzarmen bat sinatu zuten astelehenean, bero boladak eta azken 15 urteotan herritarren osasunean izan ahal duten eragina erlazionatuko dituen azterlan bat egiteko. Helburua, herritarrei ematen zaien arreta hobetzea eta erabilgarri dauden baliabideak optimizatzea da.

EP - Martes, 26 de Junio de 2018 - Actualizado a las 11:30h.

BILBO. Hitzarmena sinatuta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari tenperatura oso altuak edo tenperatura altu iraunkorrak izan diren denboraldiekin erlaziona daitezkeen osasun arazoei edo heriotzei buruzko datuak emateko konpromisoa hartu du Osakidetzak.

Bero boladek Euskadiko herritarren patologietan duten eragina hobeto ezagutzea da azterlanaren helburu nagusia. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak egingo du ikerketa, Osakidetzak emandako 2001etik 2016ra bitarteko informazioarekin.

Horrela, Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak eta Osakidetzak informazioa trukatuko dute azterketa historikoetan oinarritutako datu base bat osatzeko, eta horri esker bero boladek herritarren osasunean izaten duten benetako eraginaren indizeak ezarri ahal izango dira.

Gaur egun, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak automatikoki ezartzen ditu abisu horiak, alerta laranjak eta alarma gorriak, aurreikusitako baldintza meteorologiko txar bakoitzean espero den eraginaren arabera.

Datu objektibo eta egiaztatuetan oinarrituko den lankidetza hitzarmenari esker, abisu sistema hobeto egokituko da bero boladek giza talde jakinetan duten intzidentziara, haren adinaren, gaitz motaren, bizi diren eremu geografikoaren eta abarren arabera.

Berez, meteorologiaren ikuspegitik, bero-boladen ondorioak ez dira uniformeak izaten, aldatu egiten baitira hezetasun erlatiboaren, tenperaturen iraunkortasunaren eta beste aldagai batzuen arabera. Horrela, euskal herritarrek prebentzio zerbitzu hobea izango dute, eta behar adinako aurrerapenez ohartaraziko die tenperatura altuen balizko arriskuez.  

Secciones