Uztailaren 26tik 29ra

Euskal Encounter edizio berria inoiz baino azkarragoa izango da

Informatika gaietako profesionalen eta zaleen euskal topaketa indartsu dator aurten, 5.024 eserlekuak inoiz baino denbora laburragoan erreserbatu baitituzte parte-hartzaileek: aukera libreko 4.000 lekuak 5 segundotan hartu dituzte, eta gainontzeko 1.024 tokiak ordubetean banatu dira

Miércoles, 27 de Junio de 2018 - Actualizado a las 12:43h.

Euskal Encounter, informatikaren eta teknologia berrien profesional eta zaleak biltzen dituen Estatuko topaketa zaharrena, inoiz baino azkarragoa izango da aurten, Euskaltelen teknologiak ahalbidetzen duen segundoko 60 gigabiteko internet konexioari esker. Gainera, 26 urtez burutu den hitzorduak indartsu datorrela frogatu du, 5.024 eserlekuak inoiz baino denbora laburragoan hartu baitituzte parte-hartzaileek: aukera libreko 4.000 lekuak 5 segundotan erreserbatu dira, eta gainontzeko 1.024 tokiak ordu bakar batean banatu dira.

Konexio-abiadurari dagokionez, aurtengo partyak iaz baino 20 gigabit gehiago eskainiko ditu, eta hazkunde nabarmen horri esker, munduko ekimen azkarrenen artean kokatuko da Euskaltel Konekta Fundazioak antolaturiko topaketa.

Iaz Euskal Encounterren 25. urteurrena ospatzeko 416 eserleku gehiago eskaini ziren, eta kopuru hori mantendu egin da aurten ere, publikoaren parte-hartze handiak hala ahalbidetuta. Edonola ere, zale ugari topaketatik kanpo geratu dira leku faltarengatik. Urtetik urtera, gero eta postu nabarmenagoa du espainiar Estatuko party jendetsuena, azkarrena eta zaharrena den honek. Bilkuraren babesle dira Euskaltel eta Eusko Jaurlaritza SPRIren bitartez.

Jarduera gehiago sail guztietan

Euskal Encounter hazten doa etengabe, baita ekintzen kopuruari dagokionean ere. Parte-hartzaileek dozenaka aukera izango dituzte euren gaitasunak erakutsi zein ezagutzak partekatzeko arte digital, hardware, software libre nahiz jokoen arloetan.

Ordenagailu-postuak hartuko dituen guneaz gain, Opengune izeneko eremuak publikoarentzat irekiak eta doakoak izango diren jarduera ugari bilduko ditu: prestakuntza tailerrak eta hitzaldiak, informatika produktuak erosteko standak, eta robotikaz, errealitate birtualaz zein 3D inprimagailuez gozatzeko ekintzak.

Gainera, partyaren nondik norakoak barnetik ezagutu nahi dituztenek eguneko sarrerak eskuratu ahal izango dituzte BECen bertan.

Youtuberren mahai-ingurua

Aurtengo nobedade garrantzitsuenetakoa da dibulgazio zientifikoan eta artistikoan adituak diren youtuber ospetsuen parte-hartzea. Euren hitzaldiak, publikoari irekiak, programazioaren puntu erakargarrienen artean daude.

Konkretuki, hitzaldien egitarau zabalaren barne, Rodrigo Septién-ek eta Álvaro Pascual-ek uztailaren 27an eskainiko duten ‘Destripando la Historia’ aurkezpena izango da jarduera interesgarri horietako bat. Zehazki, euren Youtubeko kanaletan argitaratu dituzten ekoizpen umoretsu eta original horietako hainbatek 2 milioi eta erdi ikustaldi baino gehiago dituzte. Milioi bat jarraitzailetik gora dituen Quantum Fracture kanaleko Jose Luis Crespo ere Euskal Encounterren izango da, uztailaren 27an, 'Cómo la ciencia ayuda al arte (¡y viceversa!)' hitzaldiarekin.

Hurrengo egunean, 280.000 jarraitzaile dituen Xuri Fenton youtuberraren txanda iritsiko da. Internetek eskaintzen dituen komunikazio tresnak erabilita istorioak kontatzeko interes bizia eta artea nola uztartu dituen azalduko du gazteak.

Aldi berean, youtuber horiek mahai-inguru batean parte hartuko dute plataforma berrietan eskaintzen diren edukiak kalitatezkoak diren ala ez eztabaidatzeko.