Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia

Kalealdiak 60 emanaldi baino gehiago bilduko ditu Bilbon

Programazioak estatu mailako zazpi estreinaldi jasoko ditu uztailaren 2tik 7ra

BilbokoUdalak antolatzen duen KalekoAntzerki eta Arteen Jaialdiak- BILBOKO KALEALDIAK, berehemeretzigarren edizioa ospatuko du aurten, eta kalitate mailabikaina eta aniztasuna erakusten dituen programazioarekin egingo du,izan ere, kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailandauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bildu ditu.

deia.eus - Jueves, 28 de Junio de 2018 - Actualizado a las 13:16h.

BILBO. Uztailaren 2tik 7ra 65 emanaldi izango ditugu. Horietako asko, aire zabaleko agertoki handi gisa finkatzen ari den Casilda Iturrizar Parkean izango dira. Aurtengo edizioan parkeak apainketa berezia edukiko du Hiriko ekitaldi nagusietakoa izango den jaialdiari ongi etorria emateko.

Guztira 26 konpainiak hartuko dute parte: 6 Euskal Herrikoak, 6 Estatuko gainerako lekuetakoak eta besteak, Frantziatik -kaleko antzerkiaren Europako erreferente nagusia- Erresuma Batutik, Italiatik edo Belgikatik etorritakoak. Euren lanak, dagoeneko ohikoak diren Areatzako, Plaza Barriko eta Arriaga Plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, eta baita dagoeneko aipatu den Casilda Iturrizar parkean ere. Aurten zirkuko karpa bi instalatuko dira parke horretan, eta baita kaleko arte eszenikoez gozatzeko zabalik egongo diren beste lau agertoki ere. Berrikuntza gisa, aurtengo edizioa Euskal Museoko kristalezko atari berrian ireki da gaur goizean.

Jaialdiaren hurrengo edizioaren programazioak, Estatuan lehen aldiz ikusiko diren zazpi ikuskizun eta Euskadiko beste estreinaldi bat jasoko ditu. Konpainia hauek dira: Aller - Retour Cie eta "Journal de nos corps" zirku ikuskizuna;Ginger Brass Experiment, Imperial Kirikistan hirukotea eta trobadoreengandik eta komedianteengandik hurbil dagoen "La Parade Impériale du Kirikistan" musika ikuskizuna;Le Chapito de Nouvelle - Calédonie "Caillasse" lanarekin;Rosie Volt, Saseo Cie, eta zirkuko "Cabaret de poche" ikuskizuna;eta Britainia Handiko Barada Street, izen bereko akrobazia eta musika emanaldiarekin, Europa osoko jaialdi askotan zenbait sari jaso ondoren helduko dena Bilbora. Amaitzeko, Zirkus Morsa konpainiak "La fin demain" aurkeztuko du Euskadin lehen aldiz.

Proposamen berritzaile horiez gain, azpimarratzekoa da BILBOKO KALEALDIAk clown munduko Europako konpainia garrantzitsuenetako batzuk Bilbora ekartzeko egin duen esfortzua. Goi mailako emanaldiak ikusi ahal izango ditugu, Valladolideko Jaialdian Kaleko Ikuskizun Onenaren saria jaso berri duen The Primitives belgikarren "Three of a Kind" lana, besteak beste. Maila berean daude "Babo Royal" bere azken lana eskainiko duen Ganso &Cía euskal clowna, tokiko eszenako klasikoa, edo Lenzburgerreko eta Veveyko (Suitza) eta Braunswigeko (Alemania) jaialdietan sariak jaso dituzten eta dagoeneko aipatu ditugun Barada Street.

APUSTU SEGURUAK

Programazioaren barruan aipatzekoa da Valentziako Maduixa Cía konpainiaren "Mulïer" ikuskizuna, uztailaren 4an ikusi ahal izango duguna Arriaga plazan -22:30ean-. "Mullïer" trikimako gaineko dantza ikuskizuna da, eta bertan oreka, mugimendua, poesia, indarra eta emozioak uztartzen dira, mendez mende zapalduta egonda, borrokatu diren eta borrokan jarraitzen duten emakume guztiei eskainitako omenaldia izan nahi duena. Beste sari batzuen artean, kaleko arteen estreinaldi onenari emandako Moritz Fira Tàrrega 2016 saria, Umore Azoka 2017ko ikuskizun onenarena eta 2017ko musika konposizio onenaren eta kaleko ikuskizun onenaren Max Sariak lortu ditu.

Talde horretan daude, baita ere, Créature Cie frantsesak, hasieratik antzerkiaren eta arte plastikoen arteko mugan aritzen den konpainia. Ikus-entzule guztiei zuzendutako "Les Irréels" performancea eskainiko du. Bertan, ekintza gertatzen den hiru etxola erabiltzen ditu. Emanaldi horrek umeei-familiei zuzendutako ikuskizun onenaren saria lortu zuen Lleidako Fira de Teatre de Titelles jaialdian. Halaber, Moveo konpainia katalanak "Conseqüències" ikuskizuna ekarriko du Bilbora -horrekin inauguratuko da jaialdia uztailaren 2an, eguerdiko 12:00etan, Euskal Museoan-. Lan horrek hainbat sari lortu ditu, horien artean Fira Tàrregan, Portugalgo Imaginarius jaialdian eta Huescako Feria Internacional de Teatro y Danza izenekoan.

Beste alde batetik, eta kaleko ikuskizunen ekoizpen lanei laguntzeko Euskadiko zenbait jaialdi biltzen dituen Karrikan plataformarekin BILBOKO KALEALDIAk eta Bilboko Udalak duten lankidetzari esker, Bilboko ikus-entzuleek azken laguntza deialdiko proiektu irabazleak ikusi ahal izango dituzte: Amaia Elizaranen "Block" ikuskizuna eta Mystériouses Coiffures taldearen "Xori-gizonaren elezaharra" izango dira.

Horrez gain, Bilboko Udalaren eta Espainiako eta Frantziako muga inguruko lurraldeetako beste eragile batzuen partaidetza duen mugaz gaindiko "De Mar a Mar - Pirineos de Circo" lankidetza ekimenaren barruan, Amer i Africa konpainia katalana Bilbon egongo da, Umore Azoka 2018ko ikuskizun onenaren saria irabazi duen zirku garaikideko "Envà" ikuskizunarekin. Halaber, 2016an Kataluniako Generalitatearen Kultura Sari Nazionala irabazi zuen Los Galindos konpainia katalan beteranoaren "UduL" ikuskizunak ere "De Mar a Mar - Pirineos de Circo" ekimenaren laguntza izan du.

EUSKAL KONPAINIAK

Jadanik aipatu diren Amaia Elizaran eta Ganso &Cía konpainiez gain, BILBOKO KALEALDIAren edizio honetan euskal konpainia hauek euren azken lanak eskainiko dituzte: Ertza, Hika Teatroa eta Oinkari Dantza Taldea eta Zo-Zongó!!. Talde horien proposamenak dantza, zirkua, kaleko antzerkia edo clowna hartuko dituzte. Horrela, Ertza konpainiak "Meeting Point" -Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria 2017ko Umore Azokan eta Kaleko Ikuskizun Onena Arte Eszenikoen Max Sarien azken edizioan- aurkeztuko du ikus-entzuleen aurrean. Dantza garaikide ikuskizun pieza labur horretan dantzaren aurreko grina da nagusi, eta zenbait lengoaia agertzen zaizkigu, break dance-a edo hip-hop-a, besteak beste.

Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak eskainiko duten emanaldiak ere dantza osagarri handia izango du. "Sagartu" diziplina anitzeko kaleko ikuskizuna da, zuzeneko musikaz, antzerkiz eta dantzaz osatutakoa, umorez, pozez eta indarrez sagarrak, ez soilik gure herrialdean, Edeneko garaietatik gaur egunera arte izan dituen esanahi guztiak erakutsiko dituena. Hika antzerki taldeak, Oinkari dantza taldearekin batera, dantza eta antzerki jai handia eramango du agertokira, ikus-entzule guztiek bere ikusgarritasunaz eta orijinaltasunaz goza dezaten. Formatu handiko ikuskizuna, artista asko elkartuz agertokian, "Sagartu" ostiralean, uztailaren 6an, ikusi ahal izango da Areatzako kaian, gaueko 23:30etik aurrera.

Amaitzeko, Zo-Zongó!! Euskal konpainia izango da jaialdiaren aurtengo edizioari amaiera emango diona, uztailaren 7an, gauerdian, Areatzako Kaian. "Psycho-Clown" musika eta antzerki ikuskizunean, Jokerren aginduetara arituko diren zortzi pailazo zoro hirira helduko dira, dena hankaz gora jartzeko. Perkusioan dago oinarrituta batez ere, zenbait estilo eta erritmo joz. Ezustekoz betetako show-ak zalantza eta nerbio dosi altuak ditu. Hori guztia pirotekniaz eta danborren argien efektuez lagunduta.

Berrikuntza gisa, BILBOKO KALEALDIAk Miguel Llanes euskal artista plastikoaren instalazio bat eskainiko du. Margolari, eskulturagile eta sortzaileak birziklatutako material ugari erabiltzen ditu bere artelanak egiteko: plastikoa, kortxoa, egurra, sokak eta baita han hemenka aurkitzen dituen loreak ere, objektu berriei forma emateko. Miguel Llanesen lanak Folk Art, Primitivos Modernos eta Arte Bruto joerak erakusten ditu. Artelana uztailaren 2an, 3an eta 4an ikusi ahal izango da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Casilda Iturrizar Parkean.

Ohikoa denez, BILBOKO KALEALDIAREN barruan programatu diren ikuskizun guztiak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkeko karpa barruan egingo diren emanaldiak izan ezik. Ikuskizun horiek 3 euroko prezio sinbolikoa izango dute, leku kopuruaren kontrola egin ahal izateko. Biltzen den diru guztia La Cuadri del Hospi-ra, umeen minbiziaren humanizaziorako, sozializaziorako eta ikerketarako eta hezur-muinaren donazioaren hedapenerako guraso elkartera, bideratuko da. Sarrerak, Areatzan egongo den Jaialdiko Informazio Bulegoan eskuratu ahal izango dira uztailaren 2tik 7ra (11:30-14:00 / 16:30-20:30) edo Casilda Iturrizar parkean bertan (17:00-21:00). Halaber, Euskal Museoko emanaldietarako ere gonbidapena beharko da, eta Areatzan dagoen Jaialdiko Informazio Bulegoan eskuratu ahal izango da uztailaren 2tik 6ra (11:30-14:00 / 16:30-20:30).