San Pedroko jaiak

Sopela Kosta Fest hasi da motorra berotzen

A. Agirregoikoa - Jueves, 28 de Junio de 2018 - Actualizado a las 11:25h.

Sopelana - Gaur bertan emango diote hasiera San Pedro zaindariaren omenezko jaiei Sopelan. Pregoia irakurriz eta txupinazoa botaz ekingo diote festari sopelarrek, 20:30etan. Hala ere, jai desiratuak hasi bitartean, esku artean daukaten beste jaialdia prestatzen amaituko dute: Sopela Kosta Fest. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta irailaren 20tik 23ra egingo dute. 2018ko edizioko kontzertu nagusiak Nafarroako El Columpio Asesino eta Kataluniako La Sra. Tomasa taldeek eskainiko dituzte. Guztira hamar talde eta Dj izango dira partaide jaialdian: Travellin’ Brothers Little Band, Liher, the Icer Company, Moonsjakers, Zazkel, Melenas eta Dj Turry&Teri besteak beste. Kontzertu nagusiez gain, ehundaka jarduera eta kontzertu ere antolatu dituzte, dohainik guztiak.

Kontzertuak inguru pribilegiatuetan izango dira. Hondartzak, amildegiak, gertuko mendiak, Kurtzio edo Udaletxeko plaza izango dira eszenatoki berezietako batzuk.

Sopela Kosta Festen kontzertu eskaintzarekin batera, surfari buruzko laburmetraien lehiaketaren laugarren edizioa ere egingo dute jaialdiaren barruan. Lehiaketan parte hartzeko izen ematea guztiz doakoa da, eta horretarako jaialdiaren web orrian izen ematea (www.sopelakostafest.com) eta laburmetraia zintzilikatutako plataformaren (Youtube, Vimeo) esteka jartzea besterik ez da egin behar. Hori bai, gutxieneko baldintzak bete behar dira: surfari lotutako gaiei buruzkoak izan behar dira, gehienez 30 minutu iraun behar dute eta irailaren 2a baino lehen aurkeztu behar dira.

Laburmetrai lehiaketaren laugarren edizioan 1.000 euro baino gehiago banatuko dituzte antolatzaileek sarietan. Film onenaren sariaren irabazleak 500 euro hartuko ditu, 250 euro tokiko edo Euskal Herriko egilerik onenarentzat, eta azkeneko saria 250 eurokoa baita ere, Taula Lila izenekoa, emakumeak surfaren munduak ikusarazteko egina, emakumezko autorerik onenarentzat. Aldi berean, 150 euroko beste sari bana egongo da Sopelan erroldatutako egilerik onenarentzat eta euskaraz egindako film hoberenarentzat.

Bestalde, Surf Business Meeting jardunaldien baitan, irailaren 21ean, surfari lotutako beste alderdi batzuk aztertuko dira. Adibidez, zelango balioa izan dezakeen eskualdearen motor turistiko bezala, Europako olaturik famatuenetakoak baititu herri honek.

Aurtengo Sopela Kosta Festen edizioan, musikaz gain, surfaren kulturari buruzko hainbat jarduera hezitzaile egingo dituzte, baita ondo pasatzeko beste batzuk ere. Hala nola, euskal panoraman izena duten txapelketak.

Egitaraua borobiltzeko bisita gidatuak Sopelako mendi eta amildegietara, Tai-Chi sesioak, kale antzerkiak, Sopela Beer Fest, haurrentzako tailerrak eta kometa tailerrak egingo dituzte.