1.200 ale inprimatuko dira

Bilboko Udalak ikuskizunetan segurtasuna bermatzeko aholkuak dituen triptikoa argitaratu du

Liburuxka Udaltegietan, KIUBen, liburutegietan, kiroldegietan, Bilbao Arenan, Bilborocken eta Azkuna Zentroan banatuko da


Bilboko Udalak kontzertuak eta kirol ekitaldiak bezalako ikuskizun publikoetan gerta daitezkeen balizko arrisku-egoerei aurre egiteko segurtasun gomendioak eskaintzen dituen triptikoa argitaratu du. Hasieran, liburuxkaren 1.200 ale inprimatuko dira, eta datozen egunotan, Udaltegietan, KIUBen, liburutegietan, kiroldegietan, Bilbao Arenan, Bilborocken eta Azkuna Zentroan banatuko dira, baita San Agustin eta Azkar udal eraikinetan dauden herritarrei arreta egiteko guneetan ere.

Viernes, 29 de Junio de 2018 - Actualizado a las 11:52h.

Saltokietako auto-babeserako gomendioak, etxeko suteei aurre egiteko neurriak, umeei zuzendutako suaren kontrako kontseiluak, itotzeak saihesteko gomendioak eta garraiobideen erabilpenarekin nahiz hoteletan ostatu hartzearekin lotutako segurtasun gomendioak biltzen dituzten argitalpenak kaleratu ondoren, Bilboko Udalak prebentzioaren aldeko apustuari eutsi nahi dio Herritarren Segurtasunaren arloan, ikuskizun publikoetarako segurtasun gomendioak biltzen dituen triptiko berri honen banaketaren bitartez.

Bilboko Udalak gogoratu du jende-pilaketa handiak eragin ohi dituzten ikuskizunetan (adibidez, kontzertuetan eta kirol ekitaldietan), segurtasun-arazoak gerta daitezkeela bertan bildutako pertsona kopuru handiaren ondorioz.

Balizko ezbeharrak saihesteko, Udalak aurretiaz irteeren kokapenaz informatzea, umeak eskutik helduta edo besoetan eramatea eta era ordenatuan irtetea gomendatu du, ate nahiz sarbideen aurrean gelditu gabe.

Ezustekorik gertatuz gero, megafoniako jarraibideei jaramon egin eta ebakuazioan lasaitasunari eutsi behar zaiola gogoratu du, beti ere esparrua husteko seinaleei jarraituz, presarik gabe eta igogailuak edo jasogailuak erabili gabe, eta hormari pega-pega eginda, erdialdea larrialdietako zerbitzuentzat libre utziz.

Era berean, Bilboko Udalak ikuskizun publikoetarako segurtasun gomendioak bilduz argitaratu duen liburuxkak nabarmendu du areto barruan ez direla ikus-entzuleentzat arriskutsuak izan daitezkeen objektuak sartu behar eta ez dela behin ere eskudeletara, hesietara edo antzekoetara igo behar.

Azkenik, jende-pilaketa handiko kirol ikuskizunetan, kanpoaldeko erreferentzia-punturen bat hartzea gomendatu du, galtzekotan bertan elkartzeko asmoz;eta liskarrik edo indarkeriazko ekintzarik gertatuz gero, hortik urrundu eta segurtasun-indarrei jakinarazteko aholkua eman du.

Twiter: @BabesZibila_BiFacebook: @BilbaobomberosInstagram: @babeszibilabilbao