Lemoan eta Busturialdean

Eusko Jaurlaritzako udako auzolandegietan parte hartzeko plaza libreak daude oraindik

Auzolandegiak uztailaren 16an abiatuko dira 18 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak ostegun honetan jakinarazi du oraindik zenbait plaza libre daudela udako gazteen auzolandegietan parte hartzeko, Lemoan eta Busturialdean. Eskaintza zehaztuta dago Gazteaukera zerbitzuaren web orrian.

EUROPA PRESS - Viernes, 29 de Junio de 2018 - Actualizado a las 11:04h.

BILBO. Ander Añibarro Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak adierazi duenez, auzolandegiak uztailaren 16an abiatuko dira, "eta zenbait plaza ditugu libre, batik bat Lemoako eta Busturialdeako nazioarteko auzolandegietan".

Auzolandegi horiek 18 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, eta plaza eskatzeko, 945 019 536 edo 945 019 501 telefono zenbakietara deitu beharko da. Auzolandegi bakoitzari buruzko informazio guztia Gazteaukeraren web orrian dago.

Azterketen egunen eta emaitzen ondoren oraindik plaza libreak dituzten auzolandegiak honako hauek dira: Maeztu-Arabako Mendialdean bi plaza, Agurainen lau, Busturialdea Iean zortzi, Lekeitio IIan bat, Zamudion zazpi, Lemoa Iean 13, Lemoa IIan zazpi, Elgoibarren bost, Tolosan lau eta Bergaran zazpi.

"Horietako edozein da gomendagarria;Lemoako auzolandegia oso interesgarria da. Eegin beharreko lana Gerra Zibileko lubakiak berreskuratzean datza, eta Aranzadiko teknikariek zuzentzen dute lana. Urtero aurkitzen da Gerra Zibileko material ugari. Benetan erakargarria da historia zaleentzat eta Historiako ikasketak egiten ari direnentzat edo egingo dituztenentzat", azaldu du Añibarrok.