Zirrikituetatik begira

Gorputza

Karmele Jaio - Viernes, 29 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

eMAKUMEEK mendeetan protesta egiteko eduki duten moduetako bat gaixotzea izan da. Euren buruari protesta egiteko eskubiderik eman ez, inork horretarako aukerarik eman ez, eta euren gorputzek hitz egin izan dute askotan. Aski da, esan die askotan gorputzak;emakumeek gizarteari ezin dut gehiago esateko modu bat, gaixotzea.

Nik, egun, ingurura begiratu eta emakume gaixo asko ikusten dut. Ez dute laneko baja eskatu, ez daude ohean sartuta kalenturarekin, ez dute odol transfusiorik behar, baina gaixorik daude, nekatuta daude, itota daude, arnasik gabe daude, desesperatuta daude… Egunerokoari aurre egin ezinda daude. Etxetik kanpoko lana eta etxe barruko arduren karga astuna arrastaka daramate. Ez da harritzekoa. Laneko txosten bat prestatu bitartean umeentzako udaleku egokiena zein izan daitekeen aukeratu beharrak edozein buru nahastu dezake.

Baina batzuetan gorputzak hitz egiten du. Gorputza gure aurretik jartzen da eta erabakiak hartzen ditu. Eta gorputzak esaten duena, egia izaten da. Hitzen bitartez geure burua engainatzera heldu gaitezke, baina gorputzak beti esaten du egia. Horregatik interesatzen zait gorputzarekin idatzitako literatura, gorputzarekin abesten diren kantak, gorputzaren espresioa dantza batean edo hizketaldi batean.

Gorputzari eta haren espresioari begiratu beharko genioke gehiago. Gure eguneroko aktibitatearen ehuneko handi bat geure buruan gertatzen da. Gorputza izango ez bagenu bezala aritzen gara askotan, eta geure gezurrak sinestera heltzen gara horrela. Hauen artean, gorputzak edozein egoerari egin ahal diola aurre. Ba ez, gorputzak muga batzuk ditu, eta adi egon beharko genuke gorputzak esaten digunari, han eta hemengo minak, gorputzaren keinu oker horrek, begirada goibel horrek edo eguneroko burukomin horrek egia bat ezkutatzen duelako. Eta hobe da egia ahalik eta lasterren aurkitzea, bestela, gorputzak berak hitz egingo du azkenean. Aski da esango du. Eta protesta egiteko izango duen aukera bakarra gaixotzea izango da.