Holandan

Euskararen astea hasiko da igandean Leeuwarden 2018 Europako Kultur Hiriburuan

Language Pavilion espazioak hartuko du Euskararen Astea.

Egitasmoak Europako hizkuntza txikien aniztasuna erakutsi du helburu

Holandako Frisian dagoen Leeuwarden hirian euskararen inguruko astea hasiko da igandean, uztailaren 1ean, 2018ko Europako Kultur Hiriburua dela-eta antolatu duten jarduera programaren baitan. Afuk frisiera eta frisiar kultura sustatzen dituen erakundearen, Euskaltzaleen Topagunearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlanari esker euskara izango da protagonista Language Pavilion-en (Hizkuntzen Pabilioia).

EP - Sábado, 30 de Junio de 2018 - Actualizado a las 13:37h.

BILBO. Egitasmoak uztailaren 8ra arte iraungo du, eta Europako hizkuntza txikien aniztasuna erakutsi, hizkuntza horien arteko harremanak estutu eta hizkuntza aniztasunaz kontzientzia hartzea ditu helburu.

Language Pavilion hiri erdiguneko Prinsentuin parkean kokaturik dagoen egurrezko eraikina da. Publikoari irekita dagoen gune horretara hurbiltzen direnek Europako hizkuntza txikiekin harremana izateko aukera izango dute musika, antzerki, poesia, irakurketa, hitzaldi, aurkezpen, gastronomia eta bestelako kultur adierazpideen bidez. Martxoa eta urria bitartean, astero, Europako hizkuntza txiki ezberdin bat da protagonista.

Holandako eskualdeetako hizkuntza eta dialektoen, eta gaelikoa eta sorbiera bezalako hizkuntzen ostean, euskararen txanda izango da uztaileko lehenbiziko astean. Ahozko literatura, kantagintza tradizionala eta bertsolaritza izango ditu ardatz euskararen asteak, eta, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak egingo dira Xabi Paya bertsolariaren eta Joxan Goikoetxea musikariaren eskutik.

Euskararen astea igandean hasiko da, uztailaren 1ean, aurreko asteko protagonista izan zen sorbiar kulturaren eta euskal kulturaren arteko topaketarekin. Bi kultura horietan oinarritutako emanaldiak eskainiko dituzte egun horretan.

Uztailaren 4an, Language Café delakoa egingo da (Hizkuntzen Kafea). Language Pavilion-n astero burutzen duten jarduera honetan Xabi Payaketa Joxan Goikoetxeak euskal kantagintza tradizionalean oinarritutako kontzertua eskainiko dute.

EKITALDI NAGUSIA

Ekitaldi nagusia uztailaren 5ean izango da, eta bi zati izango ditu. Lehenengo zatian Frisiako hainbat artistak bertako abestiak joko dituzte, eta bigarrenean, euskal artistek "Bost hitz" izeneko emanaldia eskainiko dute. "Euskal kulturara leiho bat zabalduko dute" emanaldian, horretarako historia eta bost hitz konkretuk izan duten bilakaera baliatuz (arbola, trena, gerra, emakumea eta hizkuntza). Hitz hauen bidez, publikoak Euskal Herriaren bilakaera ulertzeko parada izango du.

Esaterako, "arbola" hitzak Gernikara bidaiatu eta hainbat gai jorratzeko aukera eskainiko du: foru sistema, Picassoren koadroan islatutako bonbardaketa. Hitz horrek berak Argentinara bidaiatzeko aukera eskainiko du, Pedro Mari Otañoren bertsoak aitzakia bezala hartuta. Izan ere, Rosarion, bere etxe aurrean zegoen onbuari (Argentina ipar-ekialdeko zuhaitz tipikoa) bertsoak jarri baitzizkion. Halaber, uztailaren 6an, Xabi Payak eta Joxan Goikoetxeak bost jarduera labur eskainiko dituzte, bertsolaritza, kantagintza tradizionala eta ahozko literaturari lotuak. Lehenengo tailerrak lehen bertsoen grabaketa izango du hizpide, 1926an, eta euskal ahozko literaturaren analisirako material honek duen garrantzia azalduko du. Beste tailer batean Shakespearen soneto famatuak euskarara itzuli eta abesti garaikideen letra bilakatzeko egindako sormen prozesua landuko dute.

Frisiarrek bertsolaritzan duten interesa aintzat hartuz eta Joxan Goikoetxearen esperientzian oinarrituz, bertsotarako melodiak nola sortu erakusteko tailerra ere egingo dute. Halaber, egun horretan Language Pavilion-era hurbiltzen direnek bertsolaritzaren sekretuak ezagutzeko eta euren hizkuntzan bertso bat sortzeko aukera izango dute. Azkenik, historian zehar bertsolari ezberdinek euren bertsoetan nazioaren ideia nola islatu duten azalduko dute beste tailer batean.

Euskararen asteak uztailaren 8an izango du amaiera. Egun horretan Man irlako gaelerari emango dio lekukoa. Ondorengo asteetan, maltera, kornubiera, galegoa eta asturiarra ere pasako dira Language Pavilion-etik, besteak beste.

Secciones