Zirrikituetatik begira

Willy Toledo eta frankismoa

Juanjo Olasagarre - Sábado, 30 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

espainiako Erresuma ez dela demokrazia bat esaten denean zer esan nahi da? Aste honetan bertan Willy Toledo aktoreak horixe esan du La Sextako Al Rojo Vivo programan, eta bideoa bolo-bolo dabil. Nire uste apalean Espainiako Erresuma ez dela demokrazia esatea edo estatu faxista bat dela argudiatzea etsaiari munizioa ematea da. Espainiako Erresuman hauteskundeak bozkatzen dira, eta formalki, behintzat, botere banaketa badago. Bozkatzean gure gobernariak aukeratzen ditugu baina ez dute haiek agintzen botere ekonomikoek baizik, baina arazo horixe bera dauka Britainia Handiak ala Frantziak, horrek, jakina, ez du arazoa arinagoa egiten. Botere banaketarena, aipatu nazioetan baino larriagoa da, baina ez dut uste Hungarian bainoago, eta Hungaria demokraziatzat jotzen dugu, nahiz eta nazio hori ez genukeen paratuko eredutarako.

Arazoa niretako bestelakoa da;Espainiako Erresuma formalki demokrazia bada ere, bertako kultura demokratikoa frankismotik dator, eta beste nazio batzuetan ez bezala hemen ez da frankismoaren garbiketarik egin. Hitlerrek hamar urte inguru iraun zuen boterean, Mussolinik hamabost bat. Ez zuten gerrarik leherrarazi boterera ailegatzeko eta biak pagatu zuten heriotzarekin egindakoa. Eta hemen ez bezala bi nazio horiek, Alemaniak areago, ispiluan begiratu zioten bere buruari eta garbiketa prozesu bati egin zioten.

Frankok berrogei urte iraun zuen boterean, Bigarren Errepublikaren gobernu hautatuen kontra altxatu zen eta ohean hil zen ondorengoak ongi loturik. Ondorengo horiek, gainera, gidatu dute gizartea demokraziaraino. El Cura y Los Mandarines, Gregorio Moranen liburuan izen abizenez agertzen dira falangekoak izan eta El Paiseko kontseilu editorialean, esaterako, bukatu zuten haiek eta haien semeak.

Willy Toledok Nativel Preciado Arriba egunkari falangistan lan egin izanaz akusatu zuen. Alemanian onartuko ote litzateke erregimen faxistaren sostengu izan zen partiduaren egunkarian lan egindako batek demokrazia lezioak ematea? Ez. Eta, hala ere, galdetuko bagenu nor egon den tokiz kanpo, Willy Toledo izan dela erantzungo luke espainiar populazioaren parte handi batek. Frankismoa biderkagai komuna denez ekuaziotik kanpo dago beti.