arkitektura

Barne-arkitektura

Duela urtebete inguru Aide Ramirez arkitektoak martxan jarritako buelgoa da Bilboko Heros kalean kokatzen den Hiriko Estudioa. ( HIRIKO ESTUDIOA / recuerdos de cine)

Barne-arkitektura ez da dekorazio-lana, ezta bigarren mailako eginkizun bat ere. Uste hedatu horietatik urrun, bizigarriak diren espazioak eraikitzean datza barne-arkitektura

Ula Iruretagoiena - Domingo, 1 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:31h.

Zein da arkitekto baten lana?” galderari honakoa erantzungo zenioten askok: “etxeak egitea”. Diziplinen definizio irekian bizi garen honetan, arkitektoen egitekoa nabarmen zabaldu da gaur egun, eta ez da eraikuntzaren geldialdiak eragin duen joera bat soilik. XIX.mendean sortutako diziplina profesionalen trinkotasunetan eta mugetan arrakalak eta hibridatzeak gertatu dira, errealitatearen konplexutasunari erantzuna emateko mugimendu bat bezala ulertu behar dena. Horregatik, arkitektoa, eraikuntzan lan egiten duen profesionala izatetik, espazialitatean eta materializazioanjarduten duena izatera pasa da. Paisaiagintzan, eszenografian, erakusketetan, materializazio artistikoan, espazioaren aholkularitzan eta pedagogian, eta bestelako abar luze batean dihardu arkitektoak. Hala ere, iruditeria sozialean arkitektura domestizitatearekin lotzea ez da kasualitatea, arkitekturaren funtsezko definizioa baita bizigarriak diren espazioak egitea. Gure bizitza etxeko giroetan igarotzen dugu zati handi batean eta, beraz, arkitekturaren hausnarketa eta jardun handia bizi-espazioak dira. Hortaz, arkitekturak bide berriak bizi dituela pentsa daiteke. Baieztapen honen justifikazio bila, Hiriko Estudioa aurrez aurkitu dugu Bilboko kaleetan zehar. Duela urtebete inguru Aide Ramirez arkitektoak sortutako bulegoa da honakoa. Arkitekto belaunaldi gazte eta berrien marka du;bulegoa kalean, erakusleihoarekin eta kaleari begira dagoelako. Ohitura izan da bulego profesionalak -abokatuak, ingeniariak, arkitektoak- kaleko kotatik gora kokatzea -pisu altuago batean aurkitzeak profesioaren eginkizun-maila goraka kotizatuko balu bezala-, kaletarraren begiradatik ezkutuan eta urruti. Bulegoaren izenak -arkitekturaren esparrutik hiria aipatzeak-, kolektibotasun ideia bati keinua egin nahi dio, eta barne zein kanpo arkitektura egiteko eskaintza egitea aipatutako arkitektura-diziplinaren bide irekiranzko erreferen-tzia da, Hiriko Estudioaren kasuan, eraikuntzaren jardun zehatzetik proposatzen bada ere. ESPAZIO BIZIGARRIAK

Hiriko Estudioaren lanak aurkeztuz, barne-arkitekturaren espazio-lanketa eredu bat erakusgai jarri nahi da. Espazio bizigarriak ulertzeko modu baten materializazioa agertzen baitute proposamen arkitektonikoetan. Irudietan ikus daiteke nola landu den espazio txiki bat zabaltasun sentsazioa eskuratzeko. Gune ezberdinak harremanetan dira espazio ireki bat osatuz, baina gune bakoitza identifikagarria da, aldi berean. Espazio zabalak intimotasunik ez galtzea lorpen handia da;antolaketak oreka bat erdietsi duela esan nahi duelako. Espazio txikiekin aritzean, barneko egonaldiak kanpoko espazio edo bistekin jarraitasunean izatea oso garran-tzitsua da, ate tolesgarrien erabilerak lanketa hau egiteko baliogarriak direlarik. Neurrira egindako altzariak altzari industrializatu eraldatuekin nahasten dira, pertsonalizazioa eta estandarizazioaren arteko jolas interesgarri bat eginaz. Beharrezkoa da aipatzea altzariak espazioan ez direla (soilik) dekorazio elementuak;pieza antolatzaileak eta espazio banatzaile funtzioa dute, hau da, espazioaren egituraren parte dira. Argiztapenak ere lanketa berezia du. Ohituegi gaude sabai faltsuko fokuen erabilpenaren bidez argiztapen homogeneo baten mendeko espazioetan bizitzera. Hiriko Estudioak argiztapenarekin txokoak identifikatu nahi ditu, argiekin zerbitzu zehatz bat ematen baitzaio giro bakoitzari.Materialaren erabileran ere apustu argi bat egin da. Seguru ohartuko zinetela taberna berri eta lagunen etxebizitza-zaharberritzeetan egurrez estaltzen direla lurrak eta paretak. Egurra modan dago, edo hobeto esanda, egurraren itxura duen materialtasuna bogan dago. Plastikozko egurrak sekula ez du benetako egur sentsazioa berdinduko, baina prezio merkeak harrapatu gaitu.Materialaren zintzotasunaren aldeko aldarria, beraz, ohiko joeratik kanpo dago. Hiriko Estudioaren espazioetan, egur laminatuaren izaera bere benetakotasunean ageri da, bere purutasunean, eta egur-muntaia erraza azaltzen du, gezurrik gabe. Benetako materialek ez dute zertan garestiago izan behar. Estrategia kontua da: lehenetsi behar da zein elementutan inbertitu. Etxebizitzaren bizigarritasunak oinarrizko kontzeptu arkitektonikoa behar du, erabiltzaileak materialak erabil ditzan eta denborarekin -bizipenarekin-higa daitezen: espazioa bizitasunaren irudi bilaka dadin.

Secciones