literatura

Idatziriko hitzak, isildutako berben tokian

Sonia Gonzalez idazle barakaldarra. (Jabi Barcina)

Boterea, herioa eta isilpean gordetako horiek bilduta, 128 istorio laburrez osatutako liburua idatzi du Sonia Gonzalezek

ETXAHUN GONZALEZ - Domingo, 1 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:23h.

Erreka Haizea, hego haizea, errekatik sartzen den haize beroa, zoro haizea. Berdin du Lekeition, Sonia Gonzalezen bizitokian, ala bere sorterrian, Barakaldon, hego haizeak ez ditu bazterrak zeuden bezala uzten. Bere azken lana osatzen duten 128 istorio laburrek ere ez gaituzte gu geunden bezala utziko. Haize zoro arrasto hori gugana ekartzeko hitzak dira Sonia Gonzalezenak.“Zergatik utzia nion idazteari galdetu ohi zidaten. Inork gutxik ulertu ahal zuen ezin niola literaturari barkatu errealitateaz sendatu ez izana”, dio idazleak liburuko Anne Sexton (I) pasartean. Hortxe dugu, beharbada, Poema amniotikoak (2005) argitaratu zuenetik hona luzatu den hamahiru urteko hutsunearen arrazoia. Erreka Haizea bere bizitzako “momenturik kritikoenari” tiraka jaio dela aitortu du Gonzalezek, sendatzeko bide hori deskubritzeko eta ulertzeko saiakerek eragindako hausnarketen artean. “Orrialdeetan gaixotasun baten bilakaera ikus daiteke, depresiora hurbil daiteke. Horren kronika dago ida-tzita”, dio Barakaldoko idazleak. Ez da hori liburuaren gaia, baina bai istorioen markoa, barruan aurkituko dugun amorruaren eta minaren distirak kokatzeko balioko diguna.Izan ere, barne-barnetik idatzitako testuak dira guztiak, “strip-tease integrala”, Gonzalezen hitzetan. Hain da pertsonala, idazte prozesuan bere lanaren inguruko zalantzak sortu zi-tzaizkion barakaldarrari: “Zerbaitetarako balioko du honek? Zer da besteei eskaintzen ari naizena, nire bizi-tza kontatzeaz aparte?”. Liburua bukatuta baina, zalantzak uxatu dituela dio Gonzalezek: irakurleei “mundua, gertatzen zaizkigunak ulertzeko eta horien inguruan hausnartzeko” gonbidapena luzatu die idatzitako kapitulu bakoitzean.Boterea, isilpea eta herioa Liburuak daraman azpitituluak argi dio: alde batetik zein bestetik ukituta, Gonzalezen azken lanaren arda-tzak boterea, isilpea eta herioa dira. Azken horrekin egingo dugu topo lehenengo. Herioa, suizidioa. Bere buruaz beste egin duten emakume idazleei arreta handia eskaini die Gonzalezek liburu honetan: “Emakume horiek ulertzeko saiakera egin nuen, nik neuk haiekin antzekotasunik ote nuen jakiteko”. Eta hara hurbilketa horretan deskubritu duena: “Gizon idazle suizidak alkoholikoak ziren edo bestelako arazoak zituzten beti, azken erabaki latz hori hartzen zutenean. Emakumeen artean, ordea, delirioa eta zoramena nagusitzen dira arrazoien artean. Beharbada, bere buruaz beste egin du esan beharrean, depresioak hil du esatera ausartu beharko ginateke”, dio Gonzalezek.Isilpeaz, isiltzeak sortzen duen gaixotasunaz eta isiltzea ohitura bihur-tzeaz luze aritu da ere idazlea liburu honetan. Emakumeak emakume izateagatik bizi duen isilpeaz idatzi du egileak: “Batzuetan norberak isiltzen duena, horrela ikasi duelako, eta beste batzuetan nola isilarazten gaituzten”. Eta isilpea ageri da ere, Gerra Zibilak utzitako traumaz eta trauma horren belaunaldien arteko transmisioaz idatzi duenean. Hizkuntzei ere tartetxoa eskaini die atal honetan: “Zer den guraso etorkinen alaba euskalduna izatea, zer den euskara mutilatua edukitzea… Eta, era berean, zer den hegoaldeko gazteleraren berezitasunak apurka-apurka galtzea…”. Azkenik, “pertsonen arteko botere harremana” aztertu du Gonzalezek. Testuinguru horretan azaleratu du, hain zuzen, helduek umeekiko sortu duten botere harremana. “Asko ikertu da gainontzeko adinekin, ez ordea umeekin”, dio idazleak. “Umeek dituzten eskubide guztiak helduek emandakoak dira eta beti ere zaintza ikuspegitik abiatuta”. Umeak “pertsona” bezala ikusi beharrean “pertsona proiektu” bezala ikusten ote ditugun planteatu du Gonzalezek. Umeei ahotsa ematearen aldeko aldarriaz irakur daiteke orrialde hauetan, baita emakumeen gaineko boterekeriaz ere. “Ez da feminismoaren betaurrekoak jantzi ditudalako, betaurrekorik gabe irten du denak. Halakoa naiz eta halakoa da deskribatu beharreko errealitatea”. Gauzak horrela, liburu iluna dirudi Erreka Haizea-k. “Ez dut esango liburu alaia denik -onartu du Gonzalezek-, baina tarteka umore eta ironia ukitu asko ditu”.Saio saiakera bat Saiakera bezala aurkeztu du Susa argitaletxeak Erreka Haizea, baina Gonzalezek berak aitortu du liburua bukatu zuenean eta ingurukoek zer idatzi zuen galdetu ziotenean, ez zuela erantzun borobila aurkitu: “Saiakerak, berez, ez dira hain gertutik idazten. Saio akademikoaren edo kanonikoaren justu kontrakoa da liburu hau, baina aldi berean, barru barruko horiek irakurle guztiontzako orokorragoak diren hausnarketarako bide bihur-tzeko ariketa egin dut. Beraz, saiakera bada eta ez da”.

Secciones