Zirrikituetatik begira

Beti biktima

Ana. Urkiza - Lunes, 2 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

BILBOKO eta Donostiako udalen ekimena izan da. Pasa den asteburu honetan jarri dute abian. Gaueko autobus lineetan, ohiko geldiuneez gain, emakumezkoek edo adin txikikoek etxetik hurbilen egiten zaien puntuan gelditzeko eskatu diezaiokete txoferrari eta, honek, gelditzeko agindua du. Ekimen honekin, autobusaren geldiunetik urrunago kokatzen diren bizilekuetara bidea erraztea, gutxi argiztatutako guneak ekiditea edo laburtzea eta, beraz, erasoak jaso-tzeko aukerak murriztea da helburua.

Ekimen txalogarria edonola ere. Bilbon, hasieratik, linea guztietan jarri dute aukera eta Donostian, ostera, linea bakar batean, emaitzak aztertutakoan gainontzeko lineetara hedatzeko asmoz. Hiriotan, albistea jakinarazterakoan, galdeketa egin dute eta oso baikortzat jo da ekimena. Eta hala da.

Hala ere, ez dakit zergatik, atzerapausoa dela sentitu dut. Sentipen kontua da, objektiboki, ideia txalogarria iruditzen baitzait. Baina ekimen honekin, erasotzaileak hurbildu egiten zaizkidala iruditzen zait. Nire etxe azpiraino. Lehen, autobusak urrutiago uzten ninduenean, erasotzaileak bide luzeagoa zuen ni erasotzeko. Orain, ostera, bide gutxiago du lan bera egiteko eta, beraz, eraso egingo badit, nire etxetik hurbilago egon beharko du.

Lehen baino seguruago senti nintekeen, baina erasotzailea are eta makurragoa egiten zait. Eta lehen izan nezakeen beldurra dimentsioz aldatu da. Orain, bestelakoa da. Erasotua izateko aukerak murrizten diren hein berean, erasotzailearen profil makurra okerragotu egiten zait.

Emaitza, balizko biktimaren papera jantziago daramadala. Eta uste dut, alderantziz izan beharko lukeela. Tankera honetako ekimenek, emakumezkoa babestea helburu izanda ere, azken hau txikiagotzea dakarte. Hala sentitzen dut nik, bederen. Ekimen berdinzaleagoak irudituko litzaizkidake eta askoz seguruago sentituko nintzateke erasoak gertatu daitezkeen lekuetan erasotzaileak harrapa-tzeko edo erasoa geldiaraztera zuzendutako ekimenak ikusiko banitu.

Arazoa ez dela nirea sentitu nahi nuke, ez naizela ni jomuga.

Secciones