uztailaren 8tik 12ra

Mundu osoko jesuiten unibertsitateetako 300 errektore izango dira Bilbon

Jesuiten Goi Mailako Hezkuntza Erakundeen Munduko Biltzarra Bilbon antotaluko da Deustuko Unibertsitatean uztailaren 8tik 12ra. Erakundetako mundu osoko 300 errektorek hartuko dute parte Jesusen Lagundiko Arturo Sosa aita jenerala buru izango duen topaketan

EP - Martes, 3 de Julio de 2018 - Actualizado a las 18:34h.

BILBO. Deustuko Unibertsitateak jakinarazi duenez, "Transforming Our World Together" (Elkarrekin mundua aldatzen) leloarekin, erakunde jesuiten eta munduko erronka nagusienetariko batzuk hartuko ditu biltzarrak hausnarketarako eta sakontzeko gai: lidergo zibikoa eta politikoa, ingurumen eta ekonomia arloetako justizia, egoerarik ahulenean dauden sektoreentzako hezkuntza, bakea eta adiskidetzea edo erlijioen arteko elkarrizketa.

Bilkuran goi mailako hizlariak egongo dira, besteak beste, Gianfranco Ravasi kardinala, Giuseppe Versaldi kardinala, Pankaj Mishra eta Gaël Giraud SJ. Bertan, Jesuiten Unibertsitateen Munduko Elkarteko zuzendaritza batzorde berrirako erabakiak eztabaidatuko dira eta unibertsitateen arteko lankidetzarako aukera berriak, eskualdeetako sareak eta nazioarteko elkartea bera aztertuko dira.

Gainera, Jesuiten Unibertsitateen Munduko Elkartea sare berria eratzea eta sinatzeko ekitaldia egingo da Loiolako Santutegian. Elkarteak izaera juridikoa, egitura, egonkortasuna eta bultzada emango dio mundu osoko jesuiten unibertsitateen sareari.

Munduko jesuiten unibertsitaterik ospetsuenek hartuko dute parte munduko hirugarren biltzarrean, besteak beste, Georgetown University, Santa Clara University, Loyola Chicago, San Francisco University, Pontifikal Gregoriarra (Italia), Javeriana Bogotá, Iteso (Mexiko), Cordobako Universidad Católica (Argentina), Manilako Ateneo edo Tokioko Sofia. Lehenengo bi bilkurak Mexikon (2010) eta Melbournen (2015) izan ziren.

Unibertsitateko arduradunentzat, bilkura Bilbon izateak aitorpena eta babesa emango dizkio Deustuko Unibertsitateari eta Bilbori, oro har. Horrez gain, elkartea eratzeak aukerak zabalduko dizkio Deusturi nazioarteratzeko eta mundu osoko beste erakunde batzuekin sarean lan egiteko.

EGITARAUAEkitaldi akademikoak uztailaren 9an hasiko dira, 09.15ean, Versaldi kardinalak egingo duen ongietorriarekin. Ondoren, 11.00etan, erakunde mailako hasiera eta Ravassi kardinalaren hitzaldia izango dira: "Catholic social teaching and the role of the Jesuit University today" (Irakaskuntza sozial katolikoa eta Jesuiten Unibertsitateen rola gaur egun). Jarduerek 14.15ean jarraituko dute, sei gai ildoren aurkezpen eta talde lanarekin.

Uztailaren 10ean, Pankaj Mishra politologoak hasiko ditu ekitaldiak, 09.00etan, "Social and political fragmentation and the role of the Jesuit University" (Zatiketa sozial eta politikoa eta Jesuiten Unibertsitateen rola) hitzaldiarekin. Halaber, 14.15ean, Gaël Giraud ekonomialari jesuitak "Economic Inequality and Environmental degradation and the role of Jesuit Universities" (Desberdintasun ekonomikoa eta ingurumena hondatzea, eta Jesuiten Unibertsitateen rola) hitzaldia eskainiko du. Egun horretan, taldeko lanek gai ildoak jorratzeari ekingo diote.

Uztailaren 11ko jarduerak Loiolako Santutegian izango dira. Goizeko 10.00etan, Jesusen Lagundiaren aita jeneral Arturo Sosak "The role of Jesuit Universities and the call to reconciliation" (Jesuiten Unibertsitateen rola eta adiskidetzerako deia) hitzaldia eskainiko du, eta ondoren, Jesuiten Unibertsitateen Munduko Elkarte berria eratzeko sinadura ekitaldia egingo da. Aita Jeneralak eguna aprobetxatuko du jesuitekin taldeka elkartzeko.

Azkenik, uztailaren 12an, talde lanetako proiektuen emaitzak aurkeztuko dira eta, 14.30ean hasiko den osoko bilkuran, txosten, ondorio eta gomendioak ezagutaraziko dira.