Zirrikituetatik begira

Nafarroa berriz ere

Rikardo Arregi - Miércoles, 4 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Pasa den astean Nafarroa intentsoegia dela idatzi nuen, kontu izugarriak gertatzen direla bertan, eta asperdura arabar apur bat bat aldarrikatu nuen eraman handiko nafar gaixoentzat. Esperatzekoa zen, gainera, uztailaren hasierarekin batera hasten den festa denboraldiak lasaitasuna ekarriko ziola Nafarroari.

Bai zera! Nafarroatik datozen albisteek ez dute inoiz huts egiten. Epaile batek Sanjurjoren gorpuzkiak Iruñean oraindik dagoen Valle-de-los-Caídos horretara bueltatzeko agindua eman du. Jakina da 2016an Sanjurjo atera zutela Erorien Monumentutik joan-etorri askoren ondoren, eta familiak Melillara eraman zuela hilerri militar batera. Irakurri dudanaren arabera familiak helegitea aurkeztu zuen Sanjurjo militar kolpista Iruñera itzultzeko. Epaia zehazki ezagutu ahal izateko ez dakit zenbat egunkari irakurri dut, lege labirinto batean murgidu naiz (Memoria Historikoaren Legea, Biktimen Ordaina Bermatzeko Foru Legea, Iruñeak hildakoei buruz dituen arauak) eta ergel aurpegia gelditu zait. Iruñeko Udalak helegitea jarriko duenez, kontua luzerako doa. Laster guztiok izango gara aipatutako lege eta arau horietan guztietan eta Iruñeko hirigintza arazoetan aditu, eta burua bihurrituko zaigu epaileen argudioak ulertu nahian. Egunkari batean irakurri dut Espainiako Erresuman fiskal eta epaileen herena Opus Deikoa dela;Nafarroan kopurua handiagoa izango dela susmatzen dut (nik ere aurreiritziak ditut).

Bitxia da, edo ez hain bitxia, Sanjurjo eta Franco kasuak aldi berean jasan behar izatea, Francoren bilobek (Francoko dukesa barne, zeren Espainiako Erresuman Francoko dukeak baitaude) ez dute diktadorearen gorpukiak Valle horretatik atera nahi;aitona hilda guk guztiok agoantatu behar dugu, antza.

Gasteizen egon zen ere Erorien gauza bat, Arte eta Lanbide Eskola atzean, gurutze bat eta eskultura antzeko bat, handia eta zirmurtsua, ia-ia kontzeptuala. Gaur egun beste eskultura itsusi bat dago, ur asko, arrosa ederrak, umeentzako jolaslekua eta aparkaleku bat. Plaza gatzgabe eta interesik gabeko bat. Zero intentsitate, salbu eta garran-tzitsuena hor dugulako: Arabako Foru Ogasuna.