Jaurlaritzak eta EHUk SINATUTAKO ITUNA

Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela bat sortzeko hitzarmena

Hitzarmenaren helburua da Familia eta Komunitateko Medikuntza sendotzea EHUko Medikuntza Graduko ikasketetan

Jon Darpón, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Nekane Balluerka, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak bi instituzioen arteko lankidetasun hitzarmena sinatu dute gaur Bilbon, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela bat sortu eta abian jartzeko.

EP - Miércoles, 4 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:36h.

BILBO. Ekitaldian nabarmendu dutenez, hitzarmenaren azken helburua da Familia eta Komunitateko Medikuntza sendotzea EHUko Medikuntza Graduko ikasketetan, Lehen Mailako Arretako prestakuntza esparru gisa.

Horretarako, osasunaren lehen mailako arretarekin, komunitate arretarekin, osasun publikoarekin eta Lehen Mailako Arretaren esparruan interesgarritzat jotzen diren beste arlo batzuekin lotutako gai espezifikoetan ikerketa jardueraren emaitzak eraldatzeko, eta ikerketako eta irakaskuntzako arloan jarduketak lantzeko Euskadiko aurrekontu orokorretan finkatutako diru laguntza nominatiboa artikulatzen du hitzarmenak.

Beraz, akordioaren bitartez, EHUn Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela sortzeko bi erakundeen interesa gauzatu da. Ikasgela hori prestakuntzako, dokumentazioko eta ikerketa babesteko sistema integratua izango da Lehen Mailako Arretan. Esparru hori indartzea da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren helburu estrategiko nagusietako bat dela gogoratu du Darpón-ek.

Hitzarmenaren barne hartuko da konprometitutako helburuen jarraipen batzorde bat sortzea, baita helburu horiek lortzeko behar diren jarduerak proposatzeaz eta kudeatzeaz arduratuko den sustapen talde bat eratzea ere.

Balluerkaren iritziz, "ikasgela berri hau sortuz, herritarrei osasun arreta eskaintzeko lehen fase gisa familia eta komunitateko medikuntzaren garrantzia azpimarratzen dugu eta, gainera, osasuneko sistema integral baterako hain garrantzitsua den esparru honetan bokazio profesional berriak sustatu nahi ditugu".

Ildo berean, Darpón-ek ekimenaren garrantzia azpimarratu du, Lehen Mailako Arretaren rola indartzeko bere Osasun Saila lantzen ari den estrategiaren barruan. "Gainera, ekimenak etorkizunean Euskadiko osasun arreta hobetzen eta familia medikuen lanari garrantzi handiagoa ematen lagunduko du", ziurtatu du.

GRADUKO PRESTAKUNTZA

Bestalde, Osasun Sailak eta EHUk Barrualde-Galdakao ESI Medikuntza Graduko prestakuntzaren barne hartzeko lortutako akordioa jakinarazi dute agerraldian Darpón-ek eta Balluerkak. Hala, iragarri dutenez, osasun erakunde horretako zentroetan prestakuntzako azken ikasturteetako irakasgai klinikoen praktikak zein eskola teorikoak emateko behar diren arauzko, antolakuntzako eta egiturako urratsak jada ematen hasi dira.

EHUko, Barrualde-Galdakao ESIko eta Osasun Saileko ordezkariek hainbat lan bilera egin dituzte profesionalen eta ekipamenduen inguruko premiak analizatzeko, eta horrela, Galdakaoko Ospitalea eta Barrualde eskualdeko osasun zentroak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen barne hartzeko.

Balluerkak bi alderdi garrantzitsu azpimarratu ditu ESI berri hau Medikuntza graduko heziketaren barne hartzeko garaian: "Alde batetik, ospitaletako irakaskuntza unitateen sare oso bat osatzen amaituko dugu, Txagorritxu, Donostia, Basurto eta Gurutzeta ospitaleei, Galdakao-Usansolo ospitalea gehituz, eta, horrez gain, bat egite horrek Medikuntza gradua euskalduntzen urratsak ematen lagunduko du. Izan ere, ospitale unitate honek euskaraz irakasteko behar den gaikuntza duen pertsonal mediko ugari dauka, eta paziente euskaldun asko daude bertan".