42. EDIZIOA

Kenny Garrett saxofonista ariko da ostegun honetan Getxoko Jazzaldian

Kenny Garrett. (KennyGarrett.com)

Artista estatubatuarra Algortako Biotz Alai plazan ariko da, 22.00etan

Kenny Garret izango da Getxoko 42. Nazioarteko Jazzaldiko protagonista nagusia gaur, uztailaren 5ean. Artista estatubatuarra Algortako Biotz Alai plazan ariko da, 22.00etan, antolakuntzak jakinarazi duenez.

EP - Jueves, 5 de Julio de 2018 - Actualizado a las 10:19h.

BILBO. Garrett baino ordubete lehenago, toki berean, Anders Fjeldsted Sextet banda danimarkarrak joko du Talde Lehiaketan, eta Hirugarren Milurtekoa atalean Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra ariko da, Algortako Geltokia plazan, 19.00etan.

30 urtetik gorako ibilbide profesionalean, Kenny Garrett (1960, Detroit, AEB) bere belaunaldiko saxofoi altu garrantzitsuena bihurtu da. 2010ean Grammy sari bat irabazi zuen, jazz instrumentaleko diskorik onenagatik, eta beste bost aldiz izendatu dute. Gainera, ohorezko doktorea da Music Berklee College ospetsuan 2011tik.

Lehen kontzertua Duke Ellington-en orkestrarekin eman zuenetik, eta ondorengo ibilbide osoan zehar, Garrett-ek beti garatu ditu soinu propioa eta melodia berezia, lengoaia edo egoera musikal ezberdinetan jardun arren. Horrela, Freddie Hubbard, Woody Shaw, Art Blakey &The Jazz Messengers eta Miles Davis moduko musikariekin aritu da, besteak beste.

Azken 20 urteetan, konpositore gisa eta bere taldeko gidari gisa hazten jarraitu du. "Do Your Dance" da bere azken lana. Egitura errazak, maila handiko soloak eta groove doinuak dira bere musikaren ezaugarri nagusiak. Getxon boskote formatuan ariko da, Vernell Brown (piano), Corcoran Holt (kontrabaxua), Marcus Baylor (bateria) eta Rudy Bird-ekin (perkusioa).

Bestalde, Talde Lehiaketan, Anders Fjeldsted seikote danimarkarra ariko da. Musika batik bat originala da, Charles Mingus edo Thelonious Monk-en eraginekin, betiere "soinu adierazkor eta organiko baten aldeko apustua" eginez. Hirugarren Milurtekoa atalean, berriz, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra izango da. Taldeak helburu pedagogikoa du jazz estilo askotarikoen orkestra interpretazioari dagokionez, eta, aldi berean, gaur egungo musikagile eta moldatzaile berriei ahotsa eman nahi die.

Secciones