Helena Goñi y Nora Aurrekoetxea

Bi gazte bilbotarrek irabazi dute New Yorkeko Guggenheim museoan lau asteko egonaldia

Ekimena arrakastaz gauzatu da aurreko hiru edizioetan

Helena Goñi eta Nora Aurrekoetxea izango dira New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-ek artista gazteentzat duen egonaldi programaren laugarren edizioan parte hartzeko hautatutako artista hasiberriak. Programa urrian egingo da, eta bi artista gazteek, ibilbide profesionalean aurrera egiteko aukera izango dute. Halaber, hiri estatubatuarreko arte giroa sakonetik aztertuko dute eta artista, komisario eta arte erakunde desberdinak ezagutuko dute ere, Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik.

EP - Viernes, 6 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:15h.

BILBO.

Guggenmheim Bilbao Museoak nabarmendu duenez, ekimen hau arrakastaz gauzatu da aurreko hiru edizioetan, eta 2014ko abenduan Bilboko museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako kudeaketa akordioaren berritzearen baitan sartzen da. Akordio horren arabera, bi erakundeek haien arteko lankidetzan askotariko proiektuen bidez sakonduko dute. Egitasmo horien artean artista hasiberrientzako programa nabarmentzen da, baita museoak udazkenero New Yorkera joateko deitzen duen beken programa ere, Euskadiko graduatuei zuzendua.

Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989) Londres eta Bilbo artean bizi da eta bi hirien artean lan egiten du. 2017tik eskulturako graduondokoa egiten dihardu Londresko Royal College of Art-en. Azken zortzi urteotan hainbat arte egitasmo garatu ditu, eta, besteak beste, Bizkaiko Aldundiaren Sorkuntza Artistikoko Beka eta BilbaoArteren Espazioa Beka jaso ditu;azken laguntza horren fruitua izan zen "Katalepsis" erakusketa. Horrez gain, Okela Sormen Lantegiaren kide sortzaileetako bat da. Bertan, komisariotza eta kultur kudeaketako proiektuak egiten ditu bere kideekin batera.

Bestalde, Helena Goñi (Bilbo, 1990) Getxon eta Bilbon bizi eta lan egiten du. Arte Ederretako Gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta argazkigintzako graduondokoa egin zuen Londresen, Central Saint Martins University of the Arts-en. 2015ean Bizkaiko Aldundiaren Ikusizko Artearen Beka jaso zuen, eta Ertibil, BAFFEST eta GetxoArte sariak eskuratu ditu. 2017an, Bilboko Rekalde Aretoaren Barriek programaren barruan, "Tell me how close we are to a riot" erakusketa aurkeztu zuen. Bere obrak Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoaren edo Bilboko Argazki Garaikideko Zentroaren bildumetan daude.