Zirrikituetatik begira

Sekuoia erraldoia

Karmele Jaio - Viernes, 6 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

zUhAitzei begira geratu gara alaba eta biok. Gasteizko parke honetan askotarikoak daude. Begira zenbat zuhaitz, esan diot, imajina zenbat urte izango duen bakoitzak. Ba-tzuen eta besteen izenak galde-tzen hasi zait eta nik kasu batzuetan jakin dut erantzuten: hau pagoa, hori gaztainondoa, hura haritza… Baina beste kasu askotan ez dut jakin erantzuten eta huts egin diodala sentitu dut, pixka bat harrituta begiratu dit. Ez du uler-tzen, antza, nire adinarekin nola ez ditudan zuhaitz guztien izenak ezagutzen, eta nola ez diodan orain arte erakutsi ia ezer horretaz.

Gero hiriko kaleetan barna sartu gara, eta aparkatutako autoei begira, haien izenak asmatzera jolasten hasi gara. Hor ez dit ezer galdetu, denak zekizkien: Renault, Wolkswagen, Mercedes, Kia, Peugeot… Baina nork erakutsi dizu guzti hori?, galdetu diot harrituta. Ez dakit, ikasi egin dut, nik bakarrik.

Bestelako marka komertzial ba-tzuei buruz galdetuz gero ezagutuko lituzke baita ere, ziur naiz. Logoak ikustearekin bakarrik brastakoan izenak botako lituzke: Coca cola, Motorola, Mcdonald’s, Pepsi, Adidas, Disney, Corte Inglés, Nike, Nutella, Toys r’us… Eta pentsatu dut nire alaba askoz gertuago dagoela mundu komer-tzialetik, naturatik baino eta honek haustura garrantzitsu eta arriskutsu bat suposatzen duela, bereziki etorkizunera begira.

Katedral berriaren ingurura gerturatu gara, eta Urkide eskolaren alboan dagoen parke txiki batean dagoen sekuoia erraldoia bisitatu behar dugula esan diot, ez diot inoiz erakutsi. 1858ko Bruselako erakusketa unibertsaletik ekarri zuten eta hiriko zuhaitzik garaiena da. Baina hara heltzean sorpresa hartu dugu: han dago sekuoia, baina ez dauka hostorik, eta haren adarrak belztuta daude, erreta balego bezala. Han zegoen gizon batek esan digu onddo batek haren sustraiak gaixotu dituela eta zuhaitza jadanik hilik dagoela.

Han geratu gara alaba eta biok zuhaitz erraldoiari begira, bera triste eta ni berandu heldu izanaren kontzientzia txarra gainetik ezin kenduta.

Secciones