uztailaren 16ra arte

Zeledonen jaitsieran San Migeleko balkoira sartzeko baimenen zozketan izena emateko zabalik da

Gonbit txartelak uztailaren 19an zozkatuko dira, 08.45ean

Zeledonen jaitsieran San Migeleko balkoira sartzeko baimenen zozketan izena emateko ireki da ostiral honetan. Laugarren urtez jarraian antolatu du Gasteizko Udalak zozketa, agintari eta kargu publikoentzat erreserbatuta egon ohi zen balkoia "jaien benetako protagonistei irekitzeko". Norbanakoentzako baimenez gain, udalak gonbit txartelak bidaliko dizkie hiriko taldeei eta auzo elkarteei, bai eta gizarte eta kultura eragileei ere.

EP - Viernes, 6 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:39h.

GASTEIZ. Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, izena emateko epea uztailaren 16ra arte egongo da zabalik. Gonbidapena eskuratu ahal izateko, galdetegi bat bete beharko da, eta izen-deiturak eta NAN zenbakia eman. Web bidez edo 010 nahiz 945 161 100 telefonoen bidez eman daiteke izena. Pertsona bakoitzak bi gonbit txartel jaso ahalko ditu. Zozketan parte hartu ahal izateko adinez nagusia izan behar da, eta herritarren udal txartela eduki. NAN bakoitzeko behin bakarrik eman ahalko da izena.

Gonbit txartelak uztailaren 19an zozkatuko dira, 08.45ean, San Martineko udal bulegoetako entzunaretoan, zenbakiak ausaz aukeratzea ahalbidetzen duen tresna informatiko baten bidez. Egun berean jakinaraziko da 50 irabazleen eta 10 ordezkoen NAN zenbakia, 13.30etik aurrera, www.vitoria-gasteiz.org/lablanca, web orrian argitaratuko den albiste baten bidez. 010 eta 945 161 100 telefonoetara ere dei egin ahalko da kontsultatzeko. Baimenak besterenezinak izango dira.

Udal langileak harremanetan jarriko dira irabazleekin bi sarrerak emateko. Sarrerak zozketan izena eman duenarentzat eta lagun batentzat (adinez nagusia nahiz adingabea) izango dira. Irabazi duten pertsonek uztailaren 26an eta 27an jaso ahalko dituzte txartelak, Plaza Berriko Turismo Bulegoan, 10.00etatik 20.00etara, eta NAN aurkeztu beharko dute.