uztailaren 13tik aurrera

Euskal Herria Museoak “Biribilak mendietan. El monte en círculos” erakusketa hartuko du

Lorea Bilbao, Euskara eta Kulturako foru diputatuak erakusketa inauguratuko du uztailaren 13an, 19:30etan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskal Herria Museoan (Gernika). Erakusketa, “Biribilak mendietan. El monte en círculos. Seles, kortak, saroiak.”, 2019ko urtarrilaren 6ra arte ikusi ahalko da.

DEIA - Sábado, 7 de Julio de 2018 - Actualizado a las 17:26h.

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskal Herria Museoak "Biribilak mendietan. El monte en círculos. Seles, kortak, saroiak." erakusketa aurkeztuko du. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak inauguratuko du erakusketa uztailaren 13an, haren gakoak azaltzeko egingo den ekitaldian. Hain zuzen ere, erakusketa ikerketa baten emaitza dugu, erdian harri handi bat daukaten eta hori erreferentziatzat hartuta forma biribilean eratu diren Euskal Herriko mendi-lurren ezaugarrietan sakondu duena.

Zehazkiago, mendi-lur horien jatorriak, egiturak, neurketa- eta mugaketa-erak, tipologiak eta erabilerak, kokapenak zein garapen historikoak aztertzen ditu erakusketak.

Oinarrizko kontakizun argigarria egiten du kultura ondare horren berezitasunak ezagutarazteko, eta, besteak beste, panelak, dokumentu historikoak, pieza originalak, aireko argazkiak, kartografia eta ikus-entzuneko materialak baliatzen ditu horretarako.

Kortabasoei buruzko XVII. eta XVIII. mendeetako krokisak ikus daitezke erakusketan;adibidez, Iurretako Udal Artxibo Historikoak bildutakoak eta banakakoek dohaintzan emandakoak. Horrez gain, antzinako zenbait autoreren testuak jaso ditu, hala nola Juan Ramón Iturrizarenak eta Pedro Bernardo Villarreal de Berrizenak, eta Bizkaiko Foru Zaharraren alerik antzinakoena ikusteko aukera ere eskaintzen du. Halaber, Valladolideko Errege Kantzelaritzaren artxiboko dokumentuen eta krokisen kopiak ikus daitezke erakusketan.

Bestalde, zenbait mugarri zentral ikusgai izango dira, kortarriak eta austarriak, horietako bakoitza dagokion idazkunarekin. Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentrotik, Gordailua, eta Zaldibia udalerritik hartu dira.

Gainera, erakusketak baditu ikus-entzunezko osagaiak eta ukimen-pantailak ere, zeinek ikerketaren dokumentazio guztia biltzen duen corpus digitalizatu osorako sarbidea eskaintzen duten, baita geografia-informazioko sistemetara ere (Visor SIG-PAC eta geoEuskadi bisorea). Horiei esker, bisitariek aireko ikuspegia ikusi ahal izango dute ortoargazkien, katastroaren eta gaur egungo kartografiaren bidez.

Horiez gain, Xabi Crespo zuzendari eta dokumentalistak Makoletako kortabasoari (Arrieta, Bizkaia) buruz egindako film laburra ikusi ahalko da.

Erakusketa osatzeko, ikusgai izango diren pieza guztiak irudikatzeko katalogo bat diseinatu da, non panelei buruzko informazio osagarria ematen den, interesatuta dauden pertsona guztiek erakusketak jorratzen dituen alderdien ikuspegi zabalagoa izan dezaten. Katalogoa Euskal Herria Museoan bertan salgai izango da.

Erakusketak gertakari orokortu baten ikuspegia eskaintzen digu;izan ere, ez da gure lurraldearen katastro-ordenamenduko kuriositate hutsa, lehen ia mendi-lur guztiak hartzen zituen-eta, nahiz eta gaur egun bakarrik izan zenaren % 20 baino ezin dezakegun ikusi.

Azken finean, gure arbasoen ordenamendu eta lurralde-okupazioko ereduen jaraunspena dira, zeinak espazioaren ikuskera biribil bat erakusten duten: mendia lurzati biribiletan antolatzeko modu sistematizatu bat, gure mendi-paisaia kulturalaren oinarrizko geruza dena.

Secciones